Bi lan heriotza bizkarrean itxi du urtea Aiaraldeak. Beste urte batez ezinezkoa izan da odolustea gelditu eta kontagailua zeroan uztea. Euskal Herriko zazpi probintzietan 59 izan dira bizia euren lanpostuan utzi duten langileak.
Lan heriotza Orozkon
Ekainaren 9an jazo zen urteko lehen lan heriotza Aiaraldean. Oiartzungo Transportes Gexako 47 urteko garraiolari bat hil zen Orozkoko gasolindegian gertatutako lan-istripu baten ondorioz. Langilea larriki zauriturik eraman zuten ospitalera. Bertan zendu zen.
Osalanetik adierazi zutenez, dimentsio handiko beira piezak eusteko egituraren barruan harrapatuta geratu zen garraiolaria. Lankide batek aurkitu zuen zauritutako gizonezkoa. Hasieran Laudioko Guardian lantegiko materiala garraiatzen zuela zabaldu bazen ere, Gexa enpresak berak ezeztatu zuen informazioa. Frantzian kargatutako materiala Asturiasera garraiatzen ari zen langilea, eta geldialdia egin zuen Orozkon. Hala eta guztiz ere, Guardianeko Enpresa Batzordeak oharra plazaratu zuen gertatutakoa salatzeko, Gexarena baita lantegiko ohiko garraio zerbitzua. Batzordeko kideek duela bi urte antzeko gertakari bat jazo zela gogorarazi zuten; orduko hartan, zorionez, ez zen hildakorik egon.
Aurten, Ernai Gazte Antolakundeko kide bat epaitu egin dute 2019an Tubacexen jazotako lan heriotza salatzeko ekintza bat burutzea leporatuta. Gazteek lantegiko horman pintura gorria isuriz salatu zuten gertaera
Orozkoko lan heriotzak mahai-gainean jarri zituen, beste behin ere, garraiolarien lan-baldintza prekarioak. 2020an gutxienez 11 izan ziren Euskal Herrian zendutako kamioilariak. Izan ere, lan karga handiei, lan ordu luzeei eta erregularizazio faltari aurre egin behar diete, besteak beste, sektore honetako beharginek. Horrela salatu zuten Guardianeko Enpresa Batzordeko kideek: “Lan kargak jasanezinak dira eta lan-egunak amaigabeak. Hitzarmen sektoriala eta prebentzio araudiak urratzen dira, eta zuzendaritzak beste alde batera begiratzen du sistematikoki”.
Lan heriotza Amurrion
Urriaren 15ean 54 urteko langile bat aldamio batetik erori zen, Amurrioko Goiena kaleko etxebizitza bateko obra batean. Segurtasun mekanismoek huts egin eta bizia galdu zuen bertan.
Hildakoa Amurrioko bizilaguna zen, herriko eraikuntza enpresa txiki bateko langile autonomoa.
Mobilizatzeko deia
Aiaraldeko Greba Batzordeak eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak hainbat mobilizazio egin dituzte aurten lan-istripuen izaera estrukturala salatu eta langileen bizitzak defendatzeko neurriak eskatzeko. Aurten ere, Ernai Gazte Antolakundeko kide bat epaitu egin dute 2019an Tubacexen jazotako lan heriotza salatzeko ekintza bat burutzea leporatuta. Urte hartan bi langilek galdu zuten bizia tutu enpresan, eta gazteek lantegiko horman pintura gorria isuriz eta sarreran kateatuz salatu zituzten bi lan heriotza horiek.