Datuen arabera, Orozko da Aiaraldeko udalerririk euskaldunenetako bat. 2017an sartu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, biztanleriaren %70,92 delako euskaraz hitz egiteko gai.
Baina erabilera datuak askoz baxuagoak dira. Horregatik erabaki zuen udalak aho batez mankomunitatean sartzea.
Orain, aldiz, Orozkoko Eskolako guraso talde batek eman du urratsa. Guraso Euskaltzaleen Batzordea sortu dute, helburu nagusi batekin: euren seme-alabek euskararekiko duten harremana aldatzea.
Orozkoaldia, hastear
Hainbat ekimen garatu nahi dituzte horretarako, eta ostiralean abiatuko dute lehenbizikoa: Orozkoaldia. "Hazi, hezi, bizi, euskaraz lehenbizi" lemapean egingo dute egitasmoa. "Euskaraldi moduko bat izango da, haurrekin harremanak dituzten helduei bideratutakoa”, azaldu dute antolatzaileek, “Ahobizi eta belarriprest asko nahi ditugu, haurren eredu egoki izateko. Orozkon euskararen ezagutza altua da helduen artean. Lortu behar duguna da eredu onak ematea”.
Parte hartzaileek rol hauetako bat hartu behar dute, txapen bidez identifikatuak egongo direnak:
- 'Hazi' rola euskaraz oso gutxi edo ezer ez dakiten helduek hartuko dute. Euren helburua izango da guraso guztiekin euskarazko esaldi labur batzuk erabiltzea (Egun on, bihar arte, ondo pasa...).
- 'Hezi' rola, aldiz, euskaraz jakin bai baina hitz egiteko zailtasuna dutenek hartuko dute. Euren erronka izango da guraso guztiei lehen hitza euskaraz esatea, eta euskaraz erantzuten dutenekin euskaraz hitz egiten jarraitzea, ahal den neurrian.
- `Bizi' rola hartzen dutenek, aldiz, euskaraz hitz egingo dute hizkuntza ulertzen duten guztiekin, baita beraiek erdaraz erantzutean ere.
Bihartik maiatzaren 21era arte
Bihar, ostirala, hasiko da Orozkoaldia, eta maiatzaren 21 arte luzatuko da. Izena emateko eta txapak banatzeko zitez gain, beste zenbait jarduera egingo ditu guraso euskaltzaleen batzordeak datozen egunetan:
MAIATZAK 2-6
Izena ematea ekitaldian parte hartzeko
MAIATZAK 6
17:30-19:30ean Zubiaur plazan
Txapak eta informazioa banaketa
MAIATZAK 8
17:00ean Zubiaur plazan
‘Zubiaur, barrendik ezagutu’ ibilbide gidatua Félix Mugurutzarekin
MAIATZAK 14
10:30ean Orozkoko museoan
Mari bila (taldeka)
MAIATZAK 21
Zubiaur plazan
Ekitaldiaren amaiera
14:00etan Tuper bazkaria
16:00etan Bingo musikatua