ARGAZKI KRONIKA

Sebastian Brownen bizitza ospatzeko omenaldi hunkigarria egin diote senideek eta lagunek

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 5a, 10:00

Sebastian Brownen hainbat senide, adiskide eta ikasle batu ziren atzo Orozkon bere bizitza oroitzeko. Tristurarik gabe, baina modu hunkigarrian gogoratu zuten Londresetik heldutako euskalduna. Bere gustuak jarraiki, ez ziren falta izan bertsoak, umorea, gastronomia, ardoa, trikitia eta tangoa.

2020an zendu zen Sebastian Brown, pandemiaren atarian. Hori dela eta, ezin izan zitzaion omenaldirik egin eta atzo ekin zioten zor hori kitatzeari, familiaren ekimenari esker.

13:00etan bere anai-arrebak, ama eta ilobak batu ziren Artiñano Etxean, Orozkon, eta eurekin dozenaka lagun, ikasle eta ezagun. Ekitaldiaren xedea argia izan zen, Sebastian Brownen bizitza goraipatzea eta ospatzea.

Ondorioz, edaria eta janaria egon ziren gonbidatuentzat eta, horrez gain, familiaren eta lagunen testuekin osatutako liburuxka.

Idazki sorta hori izan zen oinarria hainbat oroitzapen partekatzeko: Sebastianen haurtzaroa eta gaztaroa, bere bizitza Euskal Herrian eta bere pasio anitzak: euskara, hizkuntzak, tangoa, ardoa, gastronomia, trikitia eta bizitza bera.

Tango eta ingeles irakasle izan zen, eta Londreseko bizitza utzi zuen euskara ikasteko -Bermeoko hizkera, zehazki, hori baitzuen gogokoen-. Bere aitona laudioarraren bidea jarraituta, trikitia jotzen ikasi zuen eta hori ez ezik, trikiti mota berria ere asmatu zuen.

Zentzu horretan, bere senideen hitzez gain, bere trikiti irakasleak eta horren alabak hiru abesti jo zituzten. Batean euskal musika tradizionalaren eta tangoaren doinuak uztartu zituzten eta Brownen lagun batzuk dantza argentinarraren erakustaldia egin zuten.

Gero The wild rover irlandar abesti herrikoia jo zuten eta bere familiako hainbat kidek kantatu zuten, parte-hartzaileen txaloak jasotzeko. Euskal abesti batekin itxi zuten musika emanaldia.

Sebastianen arreba batek ezin izan zuenez Euskal Herrira etorri, arazo burokratikoen ondorioz, omenaldiaren zenbait pasarte ikusi zituen Internet bidez. Ingalaterrako eta Euskal Herriko jendeaz gain, Espainiako estatuko hainbat txokotik ere gerturatu zen jendea.

Arratsaldean lagun giroan igaro zuten oroitzapenak trukatzen, abesten eta Sebastianen izaera gogoratzen.

Argazkiak: Aitor Aspuru eta Unai Apraiz

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide