Larragorriko parke eolikoaren proiektua etetea eskatu du Orozkoko Udalak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko eka. 30a, 12:07

Parke eolikoaren aurka urtarrilean egindako mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Green Capital Development enpresak Jesurin eraiki nahi duen proiektua behin-behinean bertan behera uzteko eskatu dio Orozkoko Udalak Eusko Jaurlaritzari. 

Jesuri mendiaren inguruan Green Capital Development enpresak eraiki nahi duen Larragorri parke eolikoaren aurka azaldu da Orozkoko Udala. Proiektua behin-behinean geratzeko eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen Adie udal taldeak ekainaren 22ko Udal Osoko Bilkuran, eta EH Bilduren babesa jaso zuen testuak. Gauzak horrela, tokiko erakundeak eskaera zuzena egin dio Eusko Jaurlaritzari: oraindik hastapenetan dagoen proiektua etetea.

Udal Gobernuak orozkoarren iritzia jasotzeko konpromisoa adierazi du, 2011an egin bezala. Urte horretan Guascor S.A. enpresak 8 aerosorgailu jarri nahi zituen energia elektrikoa sortzeko. Herritarren mobilizazioak eta kaltetutako Laudio, Amurrio eta Orozkoko Udalen aurkakotasunak, ordea, proiektua gelditzea lortu zuten. Oraingo honetan ere, ateak zabaldu dizkiote bide hori jorratzeari.

Bost aerosorgailu Jesurin

Eusko Jaurlaritzaren onarpena jaso ostean, Green Capital Development enpresak abian jarri du Jesurin bost aerosorgailu instalatzeko prozesua. Duela hilabete aurkeztu zuten lehenengo ingurumen-inpaktu azterketaren zirriborroa, eta tokiko erakundeei dagokie orain txostenaren gaineko aurretiazko kontsultak egitea.

Txostenak aurreratu duenez, 200 metroko altuera izango duten aerosorgailuak jarriko dituzte, eta bost hilabeteko epean aurreikusi dute instalazio guztia eraikitzea, behin proiektuak behin betiko onarpena jasota.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide