'Baserriak zuzenean' ekimena abiatu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Ekonomatuak, tokiko sortzaile eta ekoizleen lanak aldi berean bistaratzeko. "Ekoizleak euren baserrietan bisitatu, euren lan egiteko modua zein filosofia bertatik-bertara ezagutu, eta ekoizten dituzten produktuekin otordua egin ostean, Aiaraldeko kultur-sortzaileen emanaldiez gozatzean datza ekimena", Ekonomatuko kideek azaldu dutenez.
Lehen zita, igande honetan
Igande honetan izango da lehen zita, Orozkoko Albitzu auzoan. Bertan dago Itxinapeko Okela ekoizpen-gunea, eta bordan joko du Igor Arzuagak, hainbat lagun musikarirekin batera. 16:30ean izango da emanaldia, baina eguerdian hasiko da egitaraua. 12:30ean egingo dute ongi etorria eta mokadua, eta bisita gidatua gauzatuko dute jarraian. 14:30ean, aldiz, bazkaria eskainiko dute.
Izena emateko epea, bihar arte
20 eurokoa izango da eguneko sarreraren prezioa helduentzat, eta 12 eurokoa haurrentzat. Izena lehenago eman behar da Faktoria.eus atarian. Bihar -uztailak 28- izango da horretarako azken eguna.