Gotzon Martinek emaitza oso onak lortu ditu asteburuan Japan Cup lehiaketan. Hain zuzen, larunbateko criteriumean 7. postua izan zen berarentzat. "Hiru kilometroko zirkuitua zen eta hamar aldiz bete behar genuen. Garaipena esprintean erabaki zen, eta nik lehenengoen artean kokatzea lortu nuen", azaldu du orozkoarrak.
Igandean Japan Cup lasterketa bera lehiatu zen, eta Martin berriro ere lehen sailkatuen artean egon zen, 10. amaitu baitzuen. "144 kilometroko lasterketa zen, eta zirkuitua gogorra zen. Denboraldia bukatzeko proba ona izan da, maila handiko txirrindulariekin lehiatu naiz eta motibazioa sortu dit horrek", azpimarratu du Martinek.
Sailkapen hori positiboa izan da bere taldearentzat ere, orozkoko txirrindularia Euskalteleko kideen artean puntu gehien eskuratu dituen bigarrena izan baita (91).
Denboraldi gogorra
Dena den, aurtengo emaitzak iazkoak baino okerragoak izan dira, iaz 192 puntu jaso baitzituen Gotzon Martinek. Egoera horren arrazoi argia da maiatzean izandako istripu larria.
Japan Cup-en eta Munduko Txapelketan izandako partaidetzekin pozik dago Gotzon Martin
Ezbeharrak lesio ugari eta mingarriak eragin zizkion txirrindulari aiaraldearrari, eta egonaldi luzea behar izan zuen ospitalean. Martinek une latzak bizi izan zituela oroitzen du: "4 aste igaro nituen ospitalean etzanda. Une horietan pentsamendu asko pasa ziren nire burutik. Ez nintzen osatzen, eta ospitalizazioa luzatu egin zen. Une horietan txirrindularitza bigarren mailara pasa zen. Etxera itzultzea zen lehentasuna".
Hala ere, txirrindulariak berehala kokatu zuen berriro kirola lehentasun nagusi gisa: "4 aste eman nituen ospitaleratuta eta beste bi etxean bizikleta ukitu gabe. Berriro hartzeko aukera izan nuenean, Espainiako Vueltan pentsatzen hasi nintzen".
Espainiako Vuelta, mugarri
Hain zuzen, Martinentzat Espainiako Vuelta izan da denboraldi amaieraren gakoa: "21 egun bete nituen errepidean erritmo onean eta horri esker sasoian egon naiz azken lasterketetan".
Horregatik, Japan Cup-en emaitza onak izan ez ezik, Munduko Txapelketan ere pozik geratu da emaitzarekin. "Banekien lan egitera joango nintzela. Ihesaldia kontrolatzeko lan egin genuen, eta lasterketa amaieran taldekideek ondo egin zuten, eta Cortina 11. postuan sailkatu zen", oroitu du Martinek.
Denboraldiko eskarmentua
Urte latza izan arren, Gotzon Martinek nahiago du alde positiboei erreparatu: "Garai latzetan ere emaitza positiboak lortzeko gai naiz. Ez da denboraldi ona izan bizi izan dudanagatik, baina ikasketa prozesua izan da, eta konpondu dut bukaeran".
Zentzu horretan, Gotzon Martinek espero du hurrengo denboraldia hobea izatea: "Datorren urterako urte polita egin nahi dut, lesiorik edo istripurik gabe, denboraldi txukuna egitea".