Arrakastatsua izan zen atzo lehiatutako Orozko Kriteriuma, iragarritako parte-hartzaileen artean azken orduko baja batzuk egon ziren arren (Iñaki Isasi ez zen lasterketan egon eta Joseba Belokik ikusle moduan jarraitu zuen).
Lehenik eta behin, emakumezkoek bete zuten ibilbidea eta Ziortza Isasi izan zen helmugara heltzen lehenengoa. 12:30ean hasi ziren aurkezten gizonezkoen arteko txirrindulariak (profesional ohi ugari tartean) eta gero lasterketa eredu bitxia baliatu zuten. Hainbat bira bete zituzten eta bakoitzean azken kirolaria kanporatuta geratzen zen.
Azkenean, Omar Fraile eta Aritz Bagues lehiatu ziren eta esprintean lortu zuen garaipena Baguesek, zeinak aurten erretiroa hartuko duen kirol profesionalean.
Bukatzeko, Mikel Nieve txirrindularia omendu zuten, berak ere mundu profesionala utzi baitu aurten. Bere ibilbidea garaipenez beteta dago. Adibidez, Chris Froomentzat lan egin zuen Tourra irabazteko. Britainarrak berriki aitortu du bere ekarpena.