Elkarretaratzea egin dute Capital Energy enpresak Orozkoko Udalarekin egindako bileraren atarian

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko aza. 30a, 10:37
Orozkoko udaletxearen aurrean egin dute protesta talde ekologistako kideek. / Aiaraldeko Mendiak Aske

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak elkarretaratzea burutu du gaur goizean Orozkoko Zubiaur Plazan, Jesurin zentral eoliko bat instalatu nahi duen Capital Energy enpresak Udalarekin izandako bileraren atarian. Enpresa energetikoko arduradunak Laudioko Udalarekin ere bildu dira gaurko egunean.

Capital Energy - Green Capital Development enpresak bilera egin du gaur goizean Orozkoko Udalarekin Jesuri mendiaren inguruan eraiki nahi duen parke eolikoaren nondik norakoak aurkezteko. Enpresak berak deitu zuen bilera tokiko gobernuarekin. Udalak, bere aldetik, bileran parte hartzeko eta enpresak esan beharrekoak entzuteko prestutasuna aurkeztu badu ere, proiektuarekiko bere aurkakotasuna adierazi egin du honezkero.

Bigarren bilera bat ere egin dute gaurkoan Capital Energy enpresako kideek. Orozkoko Udalarekin bilkura amaitu bezain laster Laudiora jo dute bertako bertako udal-gobernuarekin gai berdina lantzeko asmoz.

Protesta bileraren atarian

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak elkarretaratzea egin du Orozkoko Zubiaur plazan, enpresa eta Udalaren arteko bileraren atarian. Capital Energy enpresak trantsizio energetikotzat deitu duena "negozio hutsa" dela salatu dute udaletxearen aurrean bildutakoek, eta mendien industrializazioa gelditzea eskatu dute. Plataformako kideek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, tentsio une batzuk bizi izan dira, enpresako ordezkariak bileratik atera direnean.

Bien bitartean, Capital Energy enpresak tematuta jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan eraiki nahi dituen zazpi zentral eolikoen proiektuak aurrera ateratzen, Jesuri mendi inguruan eraiki nahi duten Larragorri parke eolikoa tartean. Ingurumen inpaktu azterketa ari dira osatzen une honetan Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak oinarrizko txostenari bide eman ostean.

Horren aurrean, plataforma ekologistako kideek proiektuaren aurkako kexak aurkezteari ekin diote eskualdeko udaletxeetan. Blog bat zabaldu dute ere Aiaraldean proiektatuta dauden zentral eolikoen inguruko informazioa zabaltzeko. Ekarpena egin nahi duen herritar orok aiaraldekomendiakbizirik@gmail.com helbidera mezu bat bidali dezake, edota eskualdeko kirol edota kultura ekintzetan jarriko dituzten informazio postuetara hurbildu. Besteak beste, Arakaldoko Euskararen egunean, Saratxoko mendi martxan, Amurrioko krosean edota Orozkoko Santa Luzia egunean egongo dira plataformako kideak informazioa banatzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide