Abenduarekin batera hasi da azoka garaia Aiaraldean. Santa Luziaren omenez, ohi gisa, zapatu osoko egitaraua prestatu dute Orozkon. Azken urteetan bezala, bertoko produktuen azoka egongo da Hegoalde auzoan, eta artisauena frontoian. Karpa gunean, berriz, dastaketak egingo dituzte:
- 12:30ean Izaren ogia
- 13:00ean Gure Ahaleginak Txakolina eta terreña haragi dastaketa
Gainera, azoketako postuen apainketa ere sarituko dute. Abere lehiaketari dagokionean, 10:00etan kokatuko dituzte nekazal eta abeltzaintzako postuak. Ordu berean hasiko da Ganguren zentroko animali sortaren erakusketa. Txapelketa nagusia, berriz, 10:30ean izango da.
Idiskoen enkantea ere egongo da, 12:30ean. Dastaketa, azoka eta lehiaketa uztartuko ditu beraz, Santa Luzia eguneko azokak. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 13:30ean izango da sari banaketa.