Bilboko BBK Aretoan eta Mendi Film zinema jaialdiko sail ofizialaren barruan aurkeztu zuten asteazken arratsaldean Julen Zubiete zinemagile orozkoarraren Agur Artzai filma. Aurkezleak berak harriduraz hartu zuen "asteazken buruzuri" batean aretoa lepo ikustea. Publikoaren artean asko eta asko eskualdetik, Orozkotik bereziki, etorriak; Zubieteren lana gozatzeko irrikaz.
Desagertzear dagoen bizimodu bat 27 minutuko zinta batean mimo handiz gorde du Julen Zubietek
Jose Ereño, Gorbeiako azken artzainaren figura ekarri du Zubietek pantaila handira, bere bizipen pertsonalekin zubi bat eraiki nahian. Gorbeia mendiko larreetara eta bere artaldera du lotua bizia Jose Ereñok, hogei urte zituela bere aitaren lekukoa hartu zuenetik. Denboraren joana, garaien aldaketa eta heriotza ditu hizpide zintak. Julen Zubieteren ahotsak egiten ditu narratzaile lanak, eta zinemagilearen eta artzaiaren arteko elkarrizketek gorputzen dute laburmetraia.
Lehenengo minututik pisu oso nabarmena du irudiak. Estetikoki asko zaindutako planoen bidez artzainaren bizi errtimoa transmititu nahi izan du Zubietek. "Belaunak ahul ditu Josek, eta bere mugimenduak oso mantsoak dira. Berarekin zaudenean denbora gelditzen dela dirudi, eta hori irudikatu nahi izan dugu".
Argiak ere garrantzia handia du Zubieteren dokumentalean. Goxotasunez argiztautako Joseren kortan atmosfera atsegina sortu du Zubietek, ikuslea ere bi protagonisten arteko elkarrizketa sakon transzendentalean barneratzeko.
Desagertzear dagoen bizimodu hau 27 minutuko zinta batean mimo handiz gorde du Julen Zubietek, desagertzear den horren bizitza gehiagoi luzatu nahian. Baina, iragangaitza dirudien hori ere efimeroa da eta, batzuetan ala dirudien arren, denbora geldiezina dela maisutasunez erakutsi du Zubietek bere lehenengo bakarkako lan profesionalean.
Harrera beroa
Txalo zaparrada ozenarekin eta txistu hotsen artean agurtu zuten ikusleek, asebeteta, 27 minutuko dokumentala. Txalo zaparrada are ozenago batekin igo zen Julen Zubiete oholtza gainera. Oso hunkituta eta aurkezleari erantzuteko hitzik gabe hartu zuen Zubietek mikrofonoa. Izan ere, lotura pertsonal handia du zinemagile gazteak sortutako piezarekin eta bertan kontatzen den historiarekin. "Nire aitaren heriotzaren dolu prozesuak eraman ninduen Ubixeta ingurura Jose Ereño filmatzeko asmoz", azaldu zuen malko artean Zubietek. Aiaraldea Komunikabideari 2021eko udan eman zion leku kuttun horren berri.
Zubietek haurtzaroa igaro zuen Josek Gorbeia mendi magalean duen bordatik gertu, eta bere aitaren errautsak ere bertan daude lurperatuta. "Hasieran ez nekien zerk eraman ninduen Jose filmatzera, baina denboraren poderioz ulertzen joan naiz barruan nuen hori eta pelikulari forma eman diot".
Etorkizunera begira
Asteazkenean estreinatu zen 'Agur Artzai', eta oraindik bide luzea du pelikulak aurretik. Julen Zubietek berak aitortu zuen ez dakiela zein ibilbide egingo duen laburmetraiak. Ziurrenik Orozkon proiektatuko dute aurki, eta orduan izango du Josek bere burua pantaila handian ikusteko aukera. "Ez dakit Josek pelikularen inguruan zer iritzi duen, baina gustatzen ez bazaio argi eta zorrotz adieraziko dit", esan zuen Zubietek atzoko aurkezpenean, barre artean.
Momentuz, Mendi Film zinema jaialdiko XV. edizioko sail ofizialean lehiatzen ari da, mendiari, abenturei eta naturari buruzko beste 58 filmekin batera. Aukera ugari ditu Zubietek abenduaren 18an nazioarteko jaialdi honetako sari bat edo beste eskuratzeko.