Jose Ereño Gorbeiako artzainaren bizipenak jasotzen dituen Agur Artzai dokumentala emango dute bihar Orozkoko Donibane Aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Julen Zubiete zinemagile orozkoarrak zuzendu du 27 minutuko luzera duen film laburra, eta denboraren joana, garaien aldaketa eta heriotza ditu hizpide.
Dokumental saritua
Iragan abenduaren 14an estreinatu zuten Julen Zubieteren lehenengo lan profesionala Mendi Film nazioarteko mendi eta natura zinema jaialdiko sail ofizialean. Estreinaldiak ikusmira handia sortu zuen, eta Bilboko BBK Aretoa leporaino bete zuen. Aiaraldea Komunikabideak estreinaldiko kronika plazaratu zuen.
Mendi Film jaialdiko bi sari eskuratu zituen Zubieteren dokumentalak: Euskadiko Zinema Eskolaren sari gaztea eta EITB saria euskarazko film labur onenari.
AGUR ARTZAI TRAILER from Julen Zubiete on Vimeo.