1.000 langile baino gehiago daude borrokan orain Bizkaian zaintza sektorean. Alde batetik, nagusien egoitzetako beharginak eta, bestetik, aniztasun funtzionala duten lagunen zaintza egiten dutenak.
Guztien ordezkariak batu dira gaur Bilbon 10:00etatik aurrera. Hasteko, EDE Fundazioaren (Madres Mercedarias zentroaren egungo kudeatzailea) egoitzan elkartu dira Orozkon aritzen diren langileak, eta hiriburuko kale nagusira jo dute gero.
Han bat egin dute ere Gorabide eta Gaude enpresetako beharginek eta Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinera joan dira, non Bizkaiko nagusien egoitzetako langileak zeuden jadanik.
Aldundiaren aurrean aldarrikatu dute erakunde publikoak erantzukizuna duela euren egoeran, enpresak azpikontratatzen baititu zaintza ardurak betetzeko.
Komunikabide ugarik jarraitu dute mobilizazioa eta enpresa bakoitzeko ordezkari batek azaldu du bere gatazka. Madres Mercedariasen kasuan, zentroa ixteko mehatxuarekin batera, lan hitzarmen duinaren aldeko borrokan daude.