Herritar bati ezarritako isuna baliogabetu behar izan du Orozkoko Udalak

Jone Gartzia Gerra 2023ko mar. 24a, 15:15

2019ko urrian amaitu zen herritarrari leporatzen zaion arau-haustea zigortzeko epea. / Airaldea.eus

Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi batek legez kanpokotzat jo zuen herritar bati, ustez, animaliak eduki eta babesteko ordenantza hausteagatik ezarritako 1.500 eurotik gorako isuna. Udalak isuna baliogabetu behar izan du preskripzio-epeengatik eta ezin dio sententziari apelazio-errekurtso arruntik ezarri.

Bilboko Administrazioarekiko Auzien 6 zk.ko Epaitegiak sententzia kaleratu zuen iragan urtarrilaren 25ean Orozkoko Udalaren aurka, 2022ko martxoaren 3ko ezohiko bilkuran hartutako erabaki batengatik, zeinaren bidez 1502,53 euroko isuna ezarri zitzaion herritar bati, ustez, animaliak eduki eta babesteko ordenantza hausteagatik.

Isuna baliogabetzeko arrazoia preskripzio-epea izan da.

Isuna baliogabetzeko arrazoia preskripzio-epea izan da. Izan ere, herritarrari egozten zitzaion arau-haustea (txakurra ondo kontrolatuta ez izatea) urtean preskribatzen da.

Orozkoko Udalak, herritar batek aurkeztutako salaketa baten ondoren, 2021eko uztailean abiatu zuen espediente zigortzailea beste herritar baten aurka. Azken horri animaliak izateko eta babesteko araudia haustea leporatzen zioten. 2022ko martxoaren 3an egindako ezohiko bilkuran onartu zuen isuna udalbatzak, Adieren eta EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. [Zuzenketa: EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren, martxoaren 3ko presako osoko bilkura bereziaren aktan irakur daitekeen bezala.]

Gertakariak, ordea, 2017ko otsailean eta 2018ko uztailean eta urrian gertatu ziren eta, ondorioz, 2019ko urrian amaitu zen prozedura hori egiteko epea. Horrez gain, isuna jaso duen herritarrak espedientearen ebazpena urtebetera jaso zuen, horretarako epea sei hilabetekoa bada ere. Orain, epaile batek isuna baliogabetu du eta Udalak ezingo du apelazio-errekurtsorik ezarri.

EH Bilduren oharra

Oposizioko taldeak salatu du Udal Gobernuak “aurkeztu diren alegazio guzti-guztiak sistematikoki baztertu” dituela.

EH Bilduk oharra kaleratu du Orozkoko Udalaren jokabidea arbuiatzeko: “Modu arduragabean eta irregularrean jokatu duen Udalaren praxi desegokia agerian geratu da”.

Oposizioko taldeak salatu du Udal Gobernuak “aurkeztu diren alegazio guzti-guztiak sistematikoki baztertu” dituela eta alegazio horiek direla, hain zuzen ere, “isuna ilegala dela ebazteko epaileak kontuan hartu dituen alegazio berdinak”.

Bestalde, EH Bilduk erabakiak sorrarazitako gehiegizko gastuak salatu ditu: “Udalaren gastu juridikoa 18.089,50 eurotik gorakoa da, eta horri espedientea lau urte baino gehiago luzatzeko egin diren ezohiko lau osoko bilkuren 6.000 euroko kostua gehitu behar zaio. Guztira, ustez, Adieko udal-gobernuak erabaki desegokiak hartzeko 24.089,50€ gastatu dira diru publikotik”.

 

[Oharra: Martxoaren 31n Orozkoko Udalak albiste honetan ageri den zenbait informazio zuzentzeko eskaria egin zion Aiaraldeari. Hemen irakur daitezke zuzenketak.]

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide