Orozkoko Udalak herritar bati legez kanpo ezarritako isunaren inguruko zenbait informazio zuzendu du

Jone Gartzia Gerra 2023ko api. 4a, 09:30

Ustez, animaliak eduki eta babesteko ordenantza hausteagatik 1.500 eurotik gorako isuna ezarri zion Udalak herritar bati eta epaile batek baliogabetu zuen. / Aiaraldea.eus

Urtarrilaren 25ean Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi batek legez kanpokotzat jo zuen Orozkoko Udalak herritar bati jarritako isuna. Horren berri eman zuen Aiaraldeak eta Udalak zenbait informazio zuzentzeko eskatu dio.

Orozkoko Udalak, informazioa Zuzenketa Eskubidea Arautzeko Martxoaren 26ko 2/1984 Lege Organikoa baliatuta, Aiaraldeari eskatu dio 2023ko martxoaren 24an argitaratutako albiste baten informazioa zuzentzeko, zehazki, herritar bati ezarritako isuna baliogabetu behar izan zuelaren berri ematen zuena.

Orozkoko Udalak argitu nahi izan du, besteak beste, martxoaren 3ko presako osoko bilkura berezian, bigarren puntuan onartu zuela isuna udalbatzak, EH Bilduko eta EAJko zinegotzien abstentzioarekin eta ADIEko zinegotzien aldeko botoekin. Aiaraldeak zabaldutako informazioaren arabera, EAJk aldeko botoa eman zuen, eta, osoko bilkuraren aktan irakur daitekeen bezala, abstenitu egin zen.

Bestalde, eta oraingo honetan Orozkoko EH Bilduk ohar bidez zabaldutako informazioaren kontra, Orozkoko Udalak adierazi du espedientea luzatzeko “ezohiko bilkura bakarra” egin zela, 2021eko irailaren 1eko ezohiko bilkura; hain zuzen. EH Bildu Orozko Udal Talde Politikoak 2023ko martxoaren 24an zabaldutako oharrean azaldu zuen lau izan zirela espedientea luzatzeko ez-ohiko osoko bilkurak.

Udalak, aldiz, honakoa zehaztu du: “2021eko eta 2022ko osoko bilkuretako aktak ikusita. soilik 2021eko irailaren 1eko osoko bilkurako 1. puntuan jorratu eta onartu da luzapena”.

Azkenik, Udalaren gastu juridikoaren zenbatekoa zuzendu nahi izan du Orozkoko Udalak. Izan ere, EH Bilduk aurretik aipatutako oharrean adierazten zuen 18.089,50 eurotik gorakoa izan zela eta Udalak argitu du 1.608,17 eurokoa dela. Aldea justifikatzeko, Orozkoko Udalak Alkatetzaren 516/2.022 eta 120/2.2023 Dekretuen kontu-emateak erabili ditu.

Lehenak Udalaren izenean esku hartu zuen abokatuaren ordainsari profesionalari egiten dio erreferentzia eta bertan jasota dago “1.452 euroko zenbatekoa esleitzen dela Udala defendatzeko albisteak aipatzen duen administrazioarekiko auzien epaitegiko prozedura laburtuan”.

Bigarrenak, “Udalaren ordezkari den prokuradorearen lanbide-arantzelen zenbatekoari” egiten dio erreferentzia eta 156,17 eurokoa omen da, 2023ko urtarrilaren 26an ordaindutakoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide