Greba egingo dute Madres Mercedariaseko langileek datorren maiatzaren 8 eta 9an, Gaude, ASPACE eta Gorabidekoekin batera. Aniztasun funtzionalaren sektorearen dihardute lau enpresak. Indarrak batuta, exijentzia komun bat plazaratu nahi dute: enpresa hitzarmenak eguneratzeko negoziazioen desblokeoa. Kontsumoaren Prezioaren Indizearen araberako soldata igoera eta metatutako atzerapenak ordaintzea ere eskatu dute, "gutxienez".
Lau enpresetako beharginek nabarmendu dute "zerbitzu publikoa" eskaintzen dietela aniztasun funtzionala duten pertsonei. "Zerbitzu horiek Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legean jasota daude, eta Bizkaiko Foru Aldundia da horien arduraduna", azaldu dute, "gaur egun, zerbitzua erakunde pribatuek kudeatzen dute, Bizkaiko Aldundiarekin egindako hitzarmenak eta dirulaguntzak tarteko".
Salatu dutenez, erakunde pribatu horiek dira lan hitzarmenen eguneraketak blokeatu dituztenak, eta "lanpostuak mehatxatzera" ere iritsi dira Madres Mercedariasen kasuan. Gogoratu beharra dago Madres Mercedarias kongregazio erlijiosoak Orozkoko Ibarra auzoko egoitza uzteko asmoa duela urte honen amaieran, 116 langile eta erabiltzaile kalean utziz.
Langileen aburuz, pertsona zehatzak dira euren egoeraren erantzuleak: "Bizkaiko Foru Aldundia eta bere arduradun gorena, Unai Rementeria, gure lan-baldintzen okertzearen erantzule egiten ditugu, eta zuzenean Elixabete Etxanobe ordezkoa eta Sergio Murillo, Gizarte Ekintza Saileko arduradun goren gisa, interpelatzen ditugu".
Mobilizazioak
Mobilizazioak egingo dituzte grebalariek aipatutako bi egunetan. Maiatzaren 8an manifestazioa egingo dute 12:00etan Bilboko Moyua plazattik. Zutabeak osatuko dituzte bertara joateko, eta Madres Mercedariaseko langileena 11:00etan abiatuko da EDE Fundazioaren egoitzatik (Simon Bolivar, 8).
Horrez gain, Madres Mercedariaseko beharginek aurreratu dute greba egun gehiago deituko dituztela, "zentroaren itxiera mehatxuak bere horretan jarraituz gero".
Ibarrako egoitzako beharginek urteak daramate mobilizatzen euren lan baldintzen okertzearen aurka. Azken hilabeteetan, baina, zentroaren itxieraren aurka bideratu dute protesta. Horri lotuta, Laudioko San Pedro eliza okupatu zuten iragan apirilaren 23an, ehunka aiaraldearrekin batera.
📢 Astebete pasa da @SOSmercedarias -eko langileek, eskualdeko ehunka herritarrekin batera, Laudioko eliza okupatu zutenetik, baina euren borrokak ez du etenik.
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) May 1, 2023
🤜🤛 Atzo bezala, jarrai dezagun gaur ere langile klasearen arteko sareak ehuntzen. Aiaraldea defenda dezagun! ✊ pic.twitter.com/MZ44v5qPkp
Hainbat mahainguru antolatu ziren bertan, eta Gaude eta Gorabideko langileek ere hartu zuten parte, antzeko egoeran dagoen Arabako Apdema enpresako ordezkariekin batera: