Orozkoko euskararen arnasguneak bigarren jarduera antolatuko du datorren asteazkenean, ekainaren 14an. Orozkoko guraso euskaltzaleen batzordeak antolatzen ditu jarduerak, familiek euskara hutsean zenbait ekintza egin ditzaten.
Lehena apirilaren 28an egin zuten: kantxan elkartu ziren hainbat familian garrafak prestatzeko. 34 helduk eta 39 umek hartu zuten parte eta, Orozko guraso euskaltzaleen batzordeak azaldu duenez, "ekintza oso polita izan zen, umeak oso pozik egon ziren eta giro oso polita sortu zen". Antolatzaileen iritziz, ekintzaren helburua bete zen, orokorrean, jendeak euskaraz hitz egin baitzuen.
Nolanahi ere, hainbat gurasok ez omen zekiten ondo euskaraz, eta euskaraz aritzeko izan zuten jarrera eta egin zuten ahalegina positibo baloratu arren, uste dute egunerokotasunerako ez zela hain baliagarria izan jarduera hura, euskararen ezagutza ez baitago aisialdiarekin lotuta. Batez ere, martxa hartzeko balio izan ziela adierazi dute batzordeko kideek.
Arratsaldea Txoperan
Esan bezala, hurrengo jarduera ekainaren 14an izango da, datorren asteazkenean. Ekainaren 7a baino lehen izena eman zutenak Txoperan elkartuko dira 17:30etik 20:00etara bitarte. Euria eginez gero, kantxara joango direla azaldu dute antolatzaileek. Kokoriko Hezkuntza Faktoriak jolasak prestatuko ditu familia guztiarentzako eta ostean sukaldaritza tailerra egingo dute. Ekintza, noski, euskara hustean izango da.
Argazkietan: Apirilaren 28an Orozkoko guraso euskaltzaleek antolatutako ekintza, garrafak familian eta euskaraz egiteko Argazkiak: Orozkoko guraso euskaltzaleen batzordea