Hauteskunde sindikalak egin berri dituzte Orozkoko Artiach gaileta fabrikan. ELA sindikatua gailendu da, aurretik zuen ordezkaritza hirukoiztuz eta UGT sindikatuari nagusitasuna kenduz. ESK eta UGT sindikatuek galdutako ordezkari bana dira ELAk irabazitakoak.
Bien bitartean, LABek eta Independenteek aurreko enpresa batzordean zuten ordezkaritzari eutsi diote, bi delegaturekin eta delegatu batekin, hurrenez hurren. Dena den, indar bozkatuena LAB izan da. Lantegian 39 boza jaso ditu, 29 UGTk, ELAk 28 eta ESKk 20. Bulegoko langileen artean ELAk 7 boto izan ditu eta Independenteek 16.
Hau da enpresa batzorde berriko ordezkaritza, aurrekoarekin alderatuta:
2022ko greba
ELA sindikatuaren hitzetan, 2022ko greba eta lanuzteak izan dira lortutako emaitzen gakoa. "Fabrikan izandako grebaren ostean, langileek konfiantza jarri dute ELAren proiektuan", adierazi du sindikatu irabazleak publikatutako oharrean.
2021eko azaroaren 22an piztu zen Artiacheko azken lan gatazka. LAB, ESK eta ELA sindikatuek lanuzteak abiatu zituzten 2019tik berritu gabe zegoen lan-hitzarmena “duintzeko” helburuarekin. 152 egunez luzatu ziren mobilizazioak eta lanuzteak, eta azkenean UGT eta ESK sindikatuek hitzarmena sinatu zuten enpresako zuzendaritzarekin, 2020tik 2024ra %12ko soldata igoera bermatuz. ELAk eta LABek ez zuten erabakia babestu, sinatutako akordioak ez baitzituen lan-gatazkan defendatutako aldarrikapenak jasotzen. ELAk akordioaren aurka bozkatu zuen langile asanbladan eta LAB abstenitu egin zen, "beharginen batasuna bermatzeko".
Hain zuzen ere, hitzarmena sinatu zuten UGT eta ESK sindikatuak izan dira hauteskunde sindikaletan zigortuenak.