Artiacheko greba amaitatutzat jo dute, soldata igoera lortu eta gero eta 152 egunen ondoren

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 22a, 16:47

152 egun igaro dituzte langileek lanuzteak egiten. / Aiaraldea.eus

UGT eta ESK sindikatuek sinatu dute akordioa enpresako zuzendaritzarekin. Lan hitzarmen berriarekin soldata igoera egongo da, %12koa 2020tik 2024ra. ELAk ez du hori babestu eta LAB, ados egon ez bada ere, abstentziora jo du, langileen artean garatu diren harreman onak lehenetsita.

152 greba egun bete eta gero, amaitu da Artiach enpresako lan gatazka, momentuz. Izan ere, UGT eta ESK sindikatuek akordioa lortu dute konpainiako zuzendaritzarekin. Akordio horrek soldata igoera ekarriko die langileei. Zehazki, 2020an %2, 2021ean %2, 2022an %3, 2023an %3 eta 2024an %2. KPIak urte horietan %12a gaindituko balu, ez lirateke atzerapenak sortuko, baina 2025ko soldata % 2an handituko litzateke automatikoki.

Edonola ere, azken egunak oso biziak izan dira grebalarien artean. Aintzat hartu beharra dago grebaren pisua LABek, ELAk eta ESKk eraman dutela, baina, bat-batean, asteartean, enpresarekin batzartu ziren egunean, UGTk bat egin zuen lanuztearekin, txanda kontratuen harira.

UGT eta ESK sindikatuek babestu dute Artiach enpresak proposatu duen lan hitzarmen berria. ELAk horren aurka egin du eta LABek abstentzioaren bidea hartu du. Azken sindikatu horren arabera, eskaintza ez zen nahikoa, baina lehentasuna eman diote langile batasuna eta beharginen arteko harreman onak mantentzeari.

Astearte horretan enpresak eskaintza egin zien beharginen ordezkariei eta, hasieran, LABek, ELAk eta ESKk baztertu zuten onartzea, nahikoa ez zela argudiatuta.

Gero, ordea, ESKk iritzia aldatu zuen eta sindikatu horren jarrera eta UGTrena nahikoa izan da greba bukatzeko.

Alegia, gaur egindako batzarrean, gutxigatik izan bada ere, greba uztearen alde bozkatu dute langileek (13 boza kontra eta 14 alde). ELA protesta jarraitzearen aldekoa zen, lanaldia ez baita murriztu, baina batzarrak ez du aukera babestu.

Ordezkari gehien duen sindikatuak, LABek, abstentzioaren bidea hartu du. Bere kideek baloratu dute enpresaren eskaintzak ez zituela betetzen euren aldarrikapenak -zentzu horretan, lanaldi murrizketa eskatu dute-, baina, lehentasuna eman diote langileen artean batasuna mantentzeari.

Borroka luze baten korolarioa

Artiacheko langileek iazko azaroan abiatu zuten protesta eta egunero lanaldi erdiko greba bete dute. 152 eguneko borroka izan da eta, batzuek nahikotzat jo ez badute ere, gogoratu beharra dago enpresaren lehenengo eskaintzak egungo lan baldintzak okertzen zituela.

Gauzak horrela, hilabete hauetan guztietan piketeak osatu dituzte egunero Orozkoko lantegiaren aurrean, babesa eta elkartasuna jaso dute eta, aldi berean, babesa eta elkartasuna eskaini dute, besteak beste, Madres Mercedarias zentroko beharginei.

Edonola ere, ez da ahaztu behar lan giro gatazkatsua enpresan ez dela sortu azken lan hitzarmena dela medio, eta azken urteetan kaleratzeak eta epaiketak egon direla Artiachen. Halaber, nabarmendu beharra dago urtarrilean enpresa zigortu zutela greba eskubidea urratzeagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide