Artiñano Etxea sorkuntzarako tenplua izan da berriro. Zea Mays eta Rozalen han elkarlanean aritu eta gero, ekainaren 13an txanda heldu zitzaien Dupla bikote arabarrari eta Julieta kataluniarrari.
Kabia egitasmoak erronka proposatu zien hirurei: abestia sortzea hamabi ordutan Artiñano Etxean eta prozesu hori irudikatzen duen bideoa plazaratu du Gazteak.
Dupla Aguraingo bikotea aski ezaguna da Euskal Herrian eta eskualdean behin baino gehiagotan jo du. Julieta abeslari kataluniarra, ordea, duela hiru urte eskas hasi zen musikan, baina arrakasta handia lortu du dagoeneko.
Duplarentzat Artiñano Etxea ez da ezezaguna izan. Izan ere, azken bideoklipa han egin zuten. Enara Bravok eta Aitzol Basaldua etxeko jabeek gazte langile eta jatortzat jo dituzte.
Bravo eta Basalduaren ustez, aparta izan zen artisten arteko kimika: "Hasieratik beraien artean konexio ederra nabaria izan zen, musikalki eta harreman pertsonalean".
Artiñano Etxeko jabeek uste dute hirurak gustura aritu zirela Orozkon: "Julietak bueltatuko dela esan zuen, berak ezagutzen duen etxe politena delako. Eta Duplakoak ere etxean oso gustura sentitu direla helarazi digute, aurreko bideoklipean bezala".
Gaztearako proiektua ekoiztu duen taldearen kalitatea ere nabarmendu dute orozkoarrek: Carlos Osinaga Lisäboko kidea, Galder Izagirre Dut, Kuraia eta Berri Txarrakeko bateriajolea eta Joseba Ponce Dut, Kuraia eta JP Lohian eta The Klonen Klanako kidea.