Kuluxka antzerki taldearen ‘Vamos a ser un poco más brujas’ lana taularatuko dute bihar Orozkon

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 22a, 11:57

Donibane Aretoak hartuko du herriko antzerki taldearen azken obra, 19:30ean. Komedia musikalaren bidez genero indarkeriari eta ahalduntzeari buruz arituko dira eta ostean antzezleekin solasaldia egingo dute.

Laia Laudiok 2022an Lezeaga Etxean antolatu zituen emakumeentzako antzerki eskolen emaitza da Vamos a ser un poco más brujas. Izena ere, Lezeagako sorginaren omenez jarri zioten obrari, hartara inauguratu berria baitzen Laudioko emakumeen hausnarketa eta bilgunerako espazioa.

Orozkoko Kuluxka antzerki taldeak gidatu zuen ikastaroa eta bertan parte hartu zuten emakumeek David Baskaran eta Enkarna Delgadoren laguntza izan zuten antzezlanaren gidoia eta eszenografia osatzeko. Martxoaren 8ko astean estreinatu zuten lana Laudioko Kasinoan eta bertan Claudia Verdecchia txotxongilolariaren eta Ana Mas jantzigilearen laguntza ere izan zuten.

Kuluxkako kideen arabera, antzezlanak “izugarrizko arrakasta” izan zuen, antzezleak ezagunak zirelako herrian eta publikoak ikusi ahal izan zuelako “antzerkiak haiengan eragin zuen aldaketa”. Horrela, Parekide elkarteak antzezlana Bizkaiko hiru herritan aurkezteko proposamena luzatu zien, Bizkaiko Foru Aldundiaren berdintasunerako dirulaguntza bati esker.

Horrela sortu zen bihar Orozkoko Donibane Aretoan Vamos a ser un poco más brujas erakusteko aukera. Hitzordua 19:30ean hasiko da eta antzezlanaren ostean solasaldi bat antolatu dute aktoreekin eta moderatzaile batekin. Hurrengo zitak Arrigorriagan eta Areatzan izango dituzte.

Kuluxka antzerki taldean diziplina artistiko anitzak baliatzen dituzte kritika soziala egin eta zapalkuntzak zein eskubide urraketak taularatzeko

Antzerkia mundua eraldatzeko

Kuluxka antzerki taldearen helburua artearen bidez eraldaketa soziala sustatzea da. Diziplina artistiko anitzak baliatzen dituzte publikoarekiko gertuko atmosfera sortzeko eta, horrela, “kritika soziala egin” eta “genero eta zapalkuntza guztiak gaindituko dituen ehun soziala” eratzen laguntzeko.

Horrela, analisia eta ikerketa baliatzen dituzte errealitatea aztertu eta artearen eta komunikazioaren bidez islatzeko modu “erraz, zorrotz eta parte-hartzailean”, oinarri hartuta “genero desberdinkeria, ingurumen arazoak eta eskubideen urraketak”. Hainbat ekintza artistiko gauzatu dituzte, tartean, Performance Inquisition eta Llueven Vacas antzezlanak edo Emakumeen De Repetente antzerki inprobisazio ikastaroa, besteak beste.

Emakumeak ahalduntzeko antzerki ikastaroak

Laia Laudiok antolatutako emakumeentzako antzerki ikastaroaren fruitu da bihar Orozkon herriko antzerki taldeak aurkeztuko duena, eta datorren urtean ere tailerra errepikatuko dutela jakinarazi dute. Iragan astean Aiaraldeko ahalduntze eskolak aurkeztutako egitarauaren barne dago aurtengo lantegia jasota. Urtarrilaren 10ean hasiko dira 16 urtetik gorako emakumeei zuzendutako antzerki eskolak, asteazkenero 18:00etatik 20:00ak bitarte Laudioko Lezeaga aretoan.

Urtarrilean hasiko da emakumeak ahalduntzeko antzerki laborategia eta izen-ematea zabalik dago Laudioko Berdintasun Zerbitzuan

Datorren urtean patriarkatuaren eta matxismoaren ondorioak taularatu nahi dituzte Miguel Llorente Acostaren Autopsia al machismo (Editorial Comares, 2020) liburuaren egokitzapenaren bidez. Ikastaroa Kuluxkak dinamizatuko du eta iaz parte hartu zuten emakumeei zein interesa duen orori dago zabalduta. Laudioko Berdintasun Zerbitzuarekin jarri beharra dago harremanetan izena emateko (944 03 48 50 telefonoan edo laialaudio@laudio.eus helbide elektronikoak), eta Orokozko antzerki taldearen arabera, “plaza gutxi daude eta ezin dute galdu”:

Izan ere, antzezten ondo pasatzeaz gain, emakumeek autoestimua eta sozializazioa ere lantzen dute. “Emakumeekin lan egiten duten hainbat elkarte gurekin jarri dira harremanetan obra ikusi ahal izateko eta terapia moduko honetan parte hartzeko”, azaldu dute Kuluxka antzerki taldeko kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide