Bertso eskola jarri nahi dute berriz martxan Orozkon

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 10a, 06:00

Potolari bertso eskolako kide batzuk, Euskararen Egunean eginiko ekitaldi batean. / Aiaraldea.eus

Ostiraletan eskaini nahi dituzte saioak, Lehen Hezkuntza 6 mailako eta DBHko ikasleei zuzenduta. Izena emateko potolaribertso@gmail.com helbidera idatzi behar da, parte hartzailearen izen-abizena, adina eta harremanetarako telefono bat zehaztuta. 

Bertso eskola berriz martxan jarri nahi dute Potolari elkarteko kideek. Berez, duela 15 urte baino gehiago sortu zuten eskola, eta orduan ekin zioten lehen klaseak emateari, baina dinamikak ez du jarraipenik izan. 

Egun, Orozkoko Eskolan ematen dute bertsolaritza, Lehen Hezkuntzako eskola-arautuaren barruan, eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideak arduratzen dira saio horiek dinamizatzeaz, hasiera batean Potolariko kideek sustatu zituzten arren. “Beti izan dugun arantza hori: bertso eskolari jarraipenik eman ez izana gazteen artean, klaseetatik kanpo”, aitortu dute Orozkoko elkarteko kideek. Euren ustez, “etenaldia” ematen da bertsolaritzaren transmisioan haurrak DBHra igaro eta Laudion ikastera igarotzen direnean. 

DBHra igarotzen diren gazteen bertsolaritzarekin harremana mantentzea izango da eskolaren xede nagusia.

Horregatik nahi dute bertso eskola osatu eskolaz kanpoko jarduera gisa, herriko gazteek ere harremana mantendu dezaten kultura horrekin. Lehen Hezkuntza 6. mailako eta DBHko ikasleei bideratutako eskola izango da, eta klaseak ostiral arratsaldetan eskaintzea aurreikusi dute. Izena emateko potolaribertso@gmail.com helbidera idatzi behar da, parte hartzailearen izen-abizena, adina eta harremanetarako telefono bat zehaztuta. Iragarri dutenez, momentuz ez du inork izena eman eskolan, baina jendea lotzeko ahalegina egingo dute, Orozko “herri bertsozalea” dela uste baitute.

Urteko dinamika

Potolari bertso eskolak hainbat jarduera egiten ditu urtean zehar Orozkon bertsolaritza sustatzeko. San Joanetan bertso kalejira egiten dute eta bertso saioa, aldiz, sanantolinetan. Udazkenean, ordea, bertso bazkaria egiten dute urtero, sona handiko bertsolarien parte hartzearekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide