Urriaren 21ean film onenaren saria bereganatu zuen Julen Zubietek Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdian, Agur artzai pelikula laburrari esker. Epaileek adierazi zutenez, “pelikula koherentea, hunkigarria, xamurra, poetikoa eta ederra da. Errespetu osoz azalarazten du artzaiaren bizitza eta pentsamendua, heriotza eta denboraren iragana naturaltasunez begiratuz. Gai asko ukitzen ditu sakontasunez, ikusleoi hausnartzera eramaten gaituelarik: nola bizi garen, zein balore ditugun, nondik gatozen eta nora goazen”.
Dozena erdi sari eta aipamen eskuratu ditu azken urtean Julen Zubietek Agur artzai film laburrari esker
Epaimahaikideek aipatu zuten trebetasun handia erakusten duela pelikulak. Hortaz, berarentzat izan zen 46. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.
Aitortza gehiago
Lekeition ez ezik, beste toki batzuetan ere estimatu dute Zubieteren lana. Esaterako, pasa den astean Zinema Ikusezinaren Jaialdian aipamen berezia jaso zuen eta Kanariar Uharteetan ere Festival Cine Medioambiental Canarias - FICMECek lan onenaren saria eman zion. Festival de Cine Rural y Montaña de Cervera de Pisuergan (Palencian), aldiz, argazkigintza onenaren aitortza izan zuen maiatzean.
Horiekin batera, gogoratu beharra dago iaz bi aldiz saritu zutela BBK Mendi Film Festivalen, Bilbon.
Poloniara bidaia
Guztiz erabaki ez duen arren, Zubieteri Poloniara joateko aukera sortu zaio. Grand OFF zinemaldiak hautatu du argazkigintza onenaren atalean eta prest dago egonaldiaren gastuak bere gain hartzeko. Varsovian izango da hitzordua, azaroan.
Esperientzia anitzak eta atzerrian
Sariak eskertzekoak badira ere, Julen Zubietek goraipatu nahi du Agur artzai filmak eman dizkion bizipen atsegin mordoa: "Euskal Herrian banekien filmak publikoa hunkitzeko aukera izango zuela. Artzaintza herrira lotuta dago eta tokiko istorioa da, baina ez nekien atzerrian hautatuko zutenik. Beldur nintzen, agian jendeak ez zuelako ulertuko. Baina, zorionez, badirudi kanpoan ere heldu dela. Polonian, Kuban, Herbehereetan, Frantzian... hainbat tokitan proiektatu dute".
Hasieran beldur bazen ere, pelikulak harrera ona izan du atzerrian eta hainbat jaialditan hautatu dute
Horrek parada eman dio Zubieteri atzerrira jotzeko, zinemari buruz mintzatzeko eta jende interesgarria eta atsegina ezagutzeko. "Hori oso bitxia eta polita da, istorio txikia eta tokikoa mundura zabaltzea", azaldu du orozkoarrak.
Edonola ere, filmaren ibilbidea ez da oraindik agortu eta espero dute ezuste pozgarri gehiago agertzea epe motzean.
Momentuz, egindako bidea honako hau izan da:
- Flight - Mostra Int.del Cinema di Genova 2023
- Grand OFF - World Independent Short Film Awards 2023
- Festival International du Film de Montagne Autrans 2023
- Festival Internacional de Cine Invisible 2023
- Euskal Zine Bilera 2023
- Mediterranean Film Festival - Short 2023
- Un festival cest trop court - Niza 2023
- PLONS! International Short Documentary Film Fest 2023
- DokuBaku Documentary Film Festival - Short 2023
- Festival de Cine de Gibara 2023
- Festival Sembrando Cine 2023
- Bannabáfest 2023
- Festival Cine Medioambiental Canarias - FICMEC 2023
- Festival de Cine Rural y Montaña de Cervera 2023
- BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia 2022