OLATZ ESGUEVA

"Etxeko arroparekin mozorrotu eta kalejira egingo dugu argiekin, arimei bidea erakusteko, gozokiak jan bitartean"

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 31a, 11:30

Olatz Esgueva Orozkoko Guraso Euskaltzaleen Batzordeko kidea da. / Aiaraldea.eus

OLATZ ESGUEVAk (Orozko) Orozkoko Guraso Euskaltzaleen Batzordean parte hartzen du, gurasoek eta umeek ekintzak izan ditzaten euskaraz bizitzeko eta aisialdia partekatzeko. Arimen Gaurako egitarau berezia prestatu dute, partaidetzara irekitakoa.

Nola sortu zen Orozkoko Guraso Euskaltzaleen Batzordea eta nortzuk bultzatu duzue?

Ebete Hizkuntza-Zerbitzuak eta Udalak deituta batzar batera joan ginen hausnarketa bat egitera, ea zein egoeratan zegoen euskara gure umeen artean eta gurasoen artean, eta ikusi genuen guztiok geneukala kezka bera, gero eta erdara gehiago erabiltzen zela, nahiz eta familian euskara hutsean egin. 

Orduan hasi ginen pentsatzen ekimen batzuk antolatu ahal zirela euskaraz naturaltasunarekin ekiteko, non erdera ez zen sartu behar. Zaila da ohiturak aldatzea, bidea ez da izango erraza, baina esan genuen saiatu behar ginela.

Zein jarduera egin dituzue orain arte?

Lehenengoa pasa den urtean izan zen, apirila aldera. Orozkoaldia antolatu genuen, Euskaraldiaren tankerakoa, Orozkon bertan identifikatzeko gurasoak eta umeak. Horrela hasi ahal izan ginen identifikatzen euskara egiten dutenak eta haien egoera euskararekin.

Horri lotuta, ibilalditxo bat antolatu genuen Felix Mugurutzarekin, Orozko apur bat gehiago ezagutzeko.

2023ko apirilean ekimen bat antolatu genuen Garrafa elkartekoekin. Haiek azaldu zuten apur bat nondik zetorren garrafa, zelan egiten zen eta gero garrafa batzuk prestatu genituen eskolako kantxan, alkohol bakoak, noski. 

Gure balorazioa hau izan zen: alde ona, taldea oso lotuta dagoela eta lagun berriak animatu direla laguntzera. Euskarazko komunitatea gero eta handiagoa da, eta gaudenon arteko babesa eta indarra dugu behintzat.

2023ko ekainean antolatu genuen arratsalde pasa Txoperan, Kokorikok lagunduta. Hasteko, jolas batzuk egin genituen umeen artean eta gero fruta tailerra, aurpegiak eta brotxetak egiteko. Orduan pentsatu genuen Arimen Gaua ospatzea urrian.

Egia da gero eta familia gehiago animatzen ari direla, eta poztekoa da.

Arimen Gaurako proposamen berezia egin duzue. Azalduko diguzu, mesedez?

Pentsatu genuen Halloween gure herrira ekartzea eta hemengo ohiturak berreskuratzea. Horretarako, mozorro tailerra egingo dugu, txokolatearekin lagunduta, noski. Izara batekin egingo dugu, antzinean egiten zen moduan, etxeko arropa jantzi eta arimak laguntzera joango gara, bidea erakusten. 

Horretarako, kalejira egingo dugu herriko denda batzuetatik, eta argiak eramango ditugu, arimek haien bidea ikusteko. Bitartean, gozoki batzuk jango ditugu. Antzinean gaztainak eta sagarrak eman ohi ziren, baina hori zailagoa da berreskuratzea. Batek daki, agian hurrengo urtean.

Arimen Gauaren ostean, zein izango da zuen hurrengo erronka?

Amaitzen denean balorazioa egingo dugu eta beste ekintza batzuk egitea pentsatu dugu. Egia da guraso elkartea garela, hau da, gurasoak gara, eta lana eta umeak zaindu eta eguneroko beharrekin denbora gutxi dugula antolatzeko. 

Gustatuko litzaiguke luzera begira aritzea, baina oso zaila egiten zaigu. Hori bai, gure indar guztia jartzen dugu, eta espero dugu hori ikustea. Gure helburu nagusia da naturaltasunaekin euskaraz bizitzea, euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak, guztiok dugu lekua.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide