Gaur 19:00etan Supelaur Elkarteko egoitza Kolonbiara begira jarriko da, Esther Nohemí Gutierrez Arias eta Margarita Vásquez Vargas FARC-EP erakundeko militante ohiek bake prozesuaren, emakumeen protagonismoaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren egoera landuko baitute.
Emakume biek gizarte zibila antolatzeari ekin zioten COOMPAZCOL kooperatiban, behin armak utzita. Geroztik, Kolonbia eta Venezuela arteko mugan dauden komunitateetan lanean aritu dira eta hango ahalduntze prozesuei zein topatzen dituzten arazoei buruz mintzatuko dira Orozkon.
Parekide elkartearen bitartez jaso dute gonbidapena. Komunikazio proiektu handiago baten parte-hartzaile dira Gutierrez Arias eta Vásques Vargas. Egitasmo horretan Kolonbia karibearrean gertatzen diren giza eskubide urraketak lantzen dituzte, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrakoak bereziki.
Aipatu beharra dago, halaber, Kolonbiako bake prozesua eta emakumeen egoera ez dela gai arrotza Orozkon, 2021ean erakusketa egon baitzen horri buruz museoan.