13 talde "gazte zein beteranok" joko dute Orozkorocken maiatzaren 17 eta 18an, erabat doan

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urt. 8a, 22:34

Abenduaren 30ean egin zuten musika jaialdiaren aurtengo edizioa aurkezteko ekitaldia, eta Pettik girotu zuen iluntzea. 

Ezberdina izango da aurtengo Orozkorock jaialdia. Hala aurreratu zuten jaialdiaren antolatzaileek Donibane Aretoan eginiko aurkezpenean. Maiatzaren 17 eta 18an egingo dute ekimena, eta kolpe bakarrean jakinarazi dituzte oholtzara igoko diren 13 taldeak. 

Alde batetik, Sex Museum eta The Capaces talde beteranoak egongo dira, euren 40 eta 25 urteko ibilbideak errepasatzeko, hurrenez hurren. Bermeoko Etxekalte taldeak “post hardcore eta doinu melodikoak” eramango ditu Orozkora, eta Gernikatik Feline gerturatuko da, “jaiari ukitu psikodeliko eta originala” emateko. 

Ezezez bilbotarrak eta Toc mungiarrak ere batuko dira festara, euren estilo “berezko bezain originalekin”. “Grunge ukituak”, aldiz, Ginger taldeak jarriko ditu, eta bestelako estiloak entzuteko aukera ere egongo da: The Half Nelsons talde bizkaitarrak "country doinu amerikarrak" jorratuko ditu, Boogie Riders arrigorriagarrek blusa taularatuko dute eta Oñatiko Letagin taldeak “Eskandinaviako soinu gogorrak” eramango ditu jaialdira. Italiako ordezkaritza ere egongo da, Micky Paiano musikariaren Micky & The Buzz taldearekin. 

Horrez gain, eskualdeko sortzaileek ere izango dute presentzia Orozkorocken, oso belaunaldi ezberdinetako bi talderekin. Alde batetik, BOTH talde gaztea arituko da oholtzan eta, bestetik, Lur talde mitikoa, kontzertu bakan batzuk eskaintzeko soilik batzen dena. 

Antolatzaileek nabarmendu dute “talde beteranoak eta gazteak” uztartu nahi izan dituztela kartelean. Dena den, nobedade nagusia ez da hori izango. Berrikuntza nagusia izango da jaialdia, lehen aldiz, erabat doakoa izango dela, eta bi kontzertugune ireki atonduko dituztela, Hegoaldeko zabalgunean bata eta Zubiaurreko plazan bestea. 

Aurreratu dutenez, laster emango dute jaialdiaren gaineko informazio gehiago, Orozkorocken webgunean eta sare sozialetan. “Beste behin ere, herria musikaz eta jai-giroz bustiko dugu, eta beste behin ere gure inguruko musika-eszena eta Orozkoko kultura-jarduera babesten jarraituko dugu”, aldarrikatu zuten ekimenaren aurkezpenean. 

Abenduaren 30ean egin zuten kartela jendarteratzeko ekitaldia, Donibane aretoan, eta Petti kantautoreak eskaini zuen kontzertua jarraian. 

Argazkiak: Orozkorock

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide