Bizkaiko beste ikastetxe batzuetan bezala, atzo Orozko Eskolan menuaren lehen platera atzera bota behar izan zuten jantokiko langileek eta arduradunek. Izan ere, azaloreak berotu ostean -izoztuta zegoen janaria-, konturatu ziren zomorro txikiak zituela, landare-zorriak, zehazki.
Gertakariak ez du zerikusirik zuzenean Serunion enpresak izandako arazoekin, astelehenean utzi baitzion zerbitzua emateari EAEn eta Ausolan enpresak ikasturte hasieratik hornitzen du Orozkoko jantokia. Azken enpresa horrek argudiatu du jazotakoak "kasu isolatuak" direla, "ezohiko kausa naturalek" eragindakoak. Enpresaren zehaztu du lehorteak eragindako aldaketa naturalek eragin dutela landare-zorriak agertzea azalorean, eta nabarmendu du oso zaila dela aurretik intsektu horren presentzia sumatzea. Era berean, gaineratu du gertakariaren berri izan bezain laster ezarri zutela alerta egoera, arazoaren jatorria detektatzeko, eta intsektuak izan zitzaketen azalore guztiak erretiratuz, eta une batean ere ez zela egon umeen osasuna arriskuan.
Hala ere, eskola publikoetan jantoki zerbitzuari lotutako ezinegonean sakondu du intzidentziak. Hain zuzen, aintzat hartu beharra dago Serunionek Aiaraldeko hainbat ikastetxe arabarren elikadura zuela bere gain eta kexak sortu zituela.
Horrez gain, Gure Platera Gure Aukera plataformak 2023 urtearen amaieran aldarrikatu zuen Urduñako Herri Eskolan baliatzen den eredua -programa pilotu baten barruan- zabaldu beharra dagoela elikadura egokia eta justua bermatzeko, catering zerbitzuak alboratuta.