Zarataren eta musika esperimentalaren Aiaraldeko tenplu bilakatu zen Orozkoko Artiñano Etxea iragan larunbatean. Gertude Noise Meeting jaialdiaren IV. edizioa egin zuten nekazal etxeko egongelan. Beste urte batez, musika proposamen esperimental eta arriskatuen hainbat laginez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Bost proposamenez gozatu ahal izan zen goizetik arratsaldera luzatu zen ekimenean. Antuxuna-ren folk teknologikoak, A.Maiah-ren drone noise erritualak, Dopelhanger-en akordeoi garaikideak eta DJ Yuju-ren folk esperimentalak ohikoan kontzertuetan entzuten ez diren doinuz bete zuten Artiñano Etxea.
Horrez gain, Aiaiai irrintzilari taldeko kideak ere bertaratu ziren jaialdira, Faktorian iaz garatutako sorkuntza proiektua plazaratzeko.
Argazkiak: Julen Zubiete