Euskalduna Txapelketako lider iritsi da Ander Ganzabal hiru asteko atsedenaldira

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 3a, 13:03
Ander Gaznabal Gorlako Igoeran garaile. / Oskar Matxin

Ander Ganzabal Euskalduna Txapelketako liderra da Gorlako igoeran garaipena lortu eta Udaberria Klasikoan hirugarren postuan geratu ostean.

Ander Ganzabal txirrindulari orozkoarraren denboraldi bikainak ez du etenik. Euskalduna Txapelketako azken bi lasterketetan lortutako markek sailkapenaren lehen postuan jarri dute Laboral Kutxa Teameko kidea, eta abantaila handiarekin berrekingo dio txapelketari hasi berri den hiru asteko atsedenaldiaren ostean.

Gorlako igoeran txapeldun

Martxoaren 24an Bergarako XLIX. Gorlako Igoera lehiatu zen, Euskalduna Txapelketaren barruan. Ezusteko handirik gabe hogei txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen azken igoerara, eta, bertan, helmugarako bidea bakarrik hartu zuen Ganzabalek, bigarren sailkatuari zortzi segundoko aldea aterata. Garaipen ikusgarria sinatu zuen orozkoarrak, Laboral Kutxa Team taldeak egindako talde lan onari esker.

Amorebietan hirugarren

Igandean jokatutako Amorebietako Udaberria Klasikoa izan zen Euskalduna Txapelketako azken lasterketa, hiru asteko atsedenaldiaren aurretik. Lasterketa bizia izan zen, ihesaldi saiakera ugarirekin. Ander Ganzabalek ondo eutsi zion lehiari eta amaierako sprintean sartzea lortu zuen. Helmuga lerroa hirugarren postuan gurutzatu zuen, txapelketan duen lidergoa aldarrikatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide