Ibarrako zentroa ixtear egon eta gero, Aita Menni taldeak hartu zuen bere gain eta langileek salatu dute "hobekuntza ugari egongo zirela esan arren, inoiz baino okerrago" dagoela. Hori islatzeko, pankartak jarri dituzte auzunean bertan.
Beharginak oso haserre daude euren lan hitzarmena ez delako errespetatzen eta dagokizkien baino funtzio askoz gehiago exijitzen dizkietelako: "Harrikoa egitea, jantokia prestatzea, txirrina eta telefonoa erantzutea, botikak manipulatzea...".
Bereziki kritikoak izan dira azken agindu horrekin: "Guk botikak eman ahal dizkiegu erabiltzaileei, baldin eta prest uzten badizkigute, baina ez gara erizainak, gerokultoreak baizik. Ezin ditugu botikak guk aukeratu eta manipulatu, lehenik eta behin, arazoak ekiditeko".
"Erabiltzaileak zentrotik atera behar dira"
Langileen aldarrikapenen artean badago erabiltzaileak zentrotik ateratzeko premia: "Hemen aniztasun funtzionala duten emakumezkoak zaintzen ditugu, ez 70 urte edo gehiagoko herritarrak. Erabiltzaileek ezinbestekoa dute Orozkora joatea eta bisitak eta txangoak egitea, baina inoiz baino behargin gutxiago gaude eta horrela ezinezkoa da. Uda osoa igaro dute zentroan".
Langileen falta larria izaten ari dela azpimarratu dute. "Duela gutxi pertsona batek hartu du erretiroa eta ez dute ordezkatu. Duela hiru aste beste batek baja hartu zuen eta atzo etorri zen bere ordezkoa. 08:00etatik 10:30ak lau begirale gaude 55 erabiltzaile esnatzeko, janzteko, dutxatzeko, oheak egiteko, gosaria prestatzeko... Horrela ezinezkoa da, ez digu denborarik ematen".
"Erabiltzaileek ezinbestekoa dute Orozkora joatea eta bisitak eta txangoak egitea, baina inoiz baino behargin gutxiago gaude eta horrela ezinezkoa da. Uda osoa igaro dute zentroan"
Soldata ez da hobetu 20 urtetan, hortaz, epaitegira
Mahairatu duten beste gai bat izan da soldatarena. Izan ere, Aita Mennik aipatu zien soldatak igoko zituela. Baina, horren ordez, euren gehigarri guztiak batu eta soldata izango balitz bezala ordaintzen dizkiete. "Hori ez da legezkoa eta horregatik salatu dugu. Epaiketa izango dugu eta horrela konponduko dugu, ez dago elkarrizketarako tarterik eta".
Hain zuzen, zuzendaritzarekin benetako elkarrizketa izateko beharra nabarmendu dute langileen ordezkariek. Aipatu dute astean behin baino ez dela bertaratzen zuzendaria eta ez diela entzun ere egiten. Beharginen aburuz, egoera konpontzeko lehen urratsa da zuzendaritzak euren ekarpenak entzutea: "Guk ezagutzen ditugu erabiltzaileen beharrak eta ez digute entzuten".