Euskara sustatzeko plan estrategikoa abiatu nahi du Orozkoko Udalak

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urr. 20a, 20:54

Udaletxean entregatu beharko dira galdetegiak. / Orozkoko Udala

Galdetegia zabalduko du tokiko erakundeak herritarren artean, eta saio irekia egingo du abenduan "plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatzeko". 

Urratsak ematen hasi da Orozkoko Udala euskara sustatzeko plan estrategikoa osatzeko. Tokiko erakundeak azaldu duenez, udalerriko herritarren %67ak daki euskaraz, "eta kaleko eta etxeko erabileran jaitsiera nabarmena egon den arren, hizkuntza nagusia izaten jarraitzen du".

Gauzak hala, Udaleko ordezkariek nabarmendu dute Orozko "euskaraz bizi nahi duen herria" dela, eta horrela izaten jarraitu nahi dutela. "Gure bizimoduan aldaketa handiak gertatu dira urteotan, eta hurrengoetan ere gertatuko dira: harreman ereduak, teknologia berriak, biztanle mugimenduak...", azaldu dute prentsara bidalitako oharrean, "aldaketa horiek guztiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari, eta, globalizatutako mundu honetan, ezinbesteko izango zaigu euskararen aldeko hautua egitea".

Aitortu dutenez, erakundeek "badute zer egina" esparru horretan: "euskaraz egiteko aukerak zabaltzea eta bultzatzea, eta erraztasunak ematea herritar eta eragileei". Konpromiso hori hartu du Udalak, eta horretarako egin nahi dute plan estrategikoa, Eusko Jaurlaritzak berriki aurkeztu duen AROA markotik abiatuta. 

Bide horretan, herritarrei zuzendutako galdetegi bat zabaltzea izango da lehen urratsa. Orozko Gaur aldizkariaren bidez plazaratuko dute, eta Udaleko sare sozialen bidez ere bete ahal izango da bihartik aurrera. "Udaletxeko buzoian ere egongo dira eskuragarri galdetegiak", iragarri dute. 

Azaroaren 22ra arte irekiko dute erantzunak jasotzeko epea. Horretarako, buzoi bat jarriko dute udaletxean. 

Saio irekia abenduan

Abenduaren 11n emango dute bigarren urratsa. Egun horretan egingo dute herritar orori irekitako saio irekia, "plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatzeko". Blas de Otero Gizarte Etxean izango da zita, arratsaldeko seietan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide