Aurrera doa Orozkon euskara sustatzeko planaren garapena

Maider Ramirez Martin 2025ko urt. 17a, 14:20

UEMAk antolatutako udalerri euskaldunetako gazteen udalekua Orozkon. / UEMA

Abenduan aurkeztu zuten Orozkoko Udalaren hizkuntza politikaren diagnostikoa, herritarrekin egindako saio ireki batean. 

Euskararen erabilera areagotzeko 10 urteko AROA plan estrategikoa ezartzeko bidean daude Orozkon, eta dagoeneko hainbat urrats eman dituzte horretarako. Egoeraren analisia egin eta indarguneak eta ahulguneak identifikatu ostean, herrian euskararen erabilera areagotzeko neurriak ematea da planaren xedea.

Horretarako, talde eragile bat aktibatu eta herritarren artean galdetegiak zabaldu zituzten azaroan. Gero, abenduan, herritar eta eragileekin saio irekia egin zuten, jasotakoari buruz hausnartzeko eta, talde dinamika baten bidez hurrengo 10 urteetan euskarak herrian izango dituen erronkak identifikatzeko eta nork egin behar duen zehazteko.

Momentu honetan saio horretan jasotakoak plan proposamenean txertatzeko lanean ari direla jakinarazi dio UEMAko teknikari Maialen Zuazok Aiaraldea Komunikabideari, bai eta "Udaleko ordezkariekin eta saio irekian parte hartu zutenekin kontrastea egingo dela laster", horren ostean behin betiko plana ezarri ahal izateko. 

Erabileraren beherakada azken urteotan

Udalaren barne jarduerari dagozkion 57 irizpide ebaluatu eta horietatik 41 beteta edo ia beteta daudela ondorioztatu dute.

2021ekoak dira Soziolinguistika Klusterraren hizkuntzen kale erabileraren datuak. Horien arabera,  Orozkon jaso zen eskualdeko jaitsierarik nabarmenena, 34 puntukoa, hain zuzen ere: 2011an euskararen kale erabilera % 57,2koa zen bitartean, 2021an % 23,2koa izatera pasa zen.  

Testuingurua hori izanik, Orozkoko Udalak adierazi zuen konpromisoa hartu duela herritar eta eragileei euskaraz hitz egiteko aukerak zabaltzeko eta bultzatzeko, eta horretarako erraztasunak emateko eta euskara sustatzeko plana garatzen ari dira helburu horrekin.  

Orozkoko Udalaren Hizkuntza Politikaren Diagnostikoa 

Beste zenbait ekintzaren artean, Udalaren Hizkuntza Politikaren Diagnostikoa garatu du Euskalgintzaren Kontseiluak Orozkon, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa oinarri hartuta.

2016an aurkeztutako dokumentu hori hizkuntza eskubideak gauzatzeko 185 neurri zehatz jasotzen ditu. Hain zuzen, hizkuntza-politiken alorrean inoizko adostasunik handiena lortu duen dokumentua da, Europako 30 hizkuntza komunitatetako 120 eragileren babesarekin.  

Hutsune nagusia eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plangintza faltan identifikatu dute. 

Protokoloaren Udal Garapenaren markoan garatu dute Orozkoko Udalaren diagnostikoa, hiru helburu nagusiri erantzuteko: lehenik, zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea; bigarrenik, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea; eta azkenik, udal mailan euskararen normalizazioan aurrera egiteko urratsak ematea.

Eragin eremuari dagokionez, udal administrazioaren barneko eremuari (zerbitzua, komunikazioa eta lana) zein kanpokoari (hezkuntza-aisia, eremu sozioekonomikoa, hedabideak eta ingurune digitala, kultura eta onomastika) erreparatu diete. 

Udalaren barne jarduerari buruzko emaitzak eta ondorioak  

Udalaren barne jarduerari dagozkion 57 irizpide ebaluatu eta horietatik 41 beteta edo ia beteta daudela ondorioztatu dute. Hauek dira Udalak plazaratutako horietako batzuk: 

  • Euskarari ematen zaion balio juridikoa erabatekoa da. 
  • Dirulaguntza deialdietan hizkuntza irizpideak zehazten dira. 
  • Goi mailako lanpostuek C1 maila dute gutxienez. 
  • Deialdi berri guztietan langile euskaldunak kontratatzen dira beti. 

Bestela esanda, ebaluatutako 57 irizpideetatik 16 hutsune identifikatu dituzte, horien artean, hauek: 

  • Langileen euskara ezagutza zabala bada ere, ez dira hainbeste euskara hutsez funtzionatzen duten sailak. 
  • Hautetsi guztiek ez dakite euskaraz. 
  • Lanpostuari lotutako gaitasuna frogatu eta langilea lan jarduna euskaraz egiteko gai den egiaztatzeko ez da azterketarik egiten euskaraz. 
  • Beharrezko hizkuntza-gaitasuna ez duten langileentzako ez da euskarazko formazio planik eskaintzen. 

Udalaren kanpo jarduerari buruzko emaitzak eta ondorioak 

Udalaren kanpo jarduerari erreparatzean, 29 irizpide ebaluatu dituzte, eta horietatik erdiak betetzen direla ondorioztatu.

Esaterako, Udalaren kultur-programazioan euskararen presentzia ezagutza tasaren gainetik dago gazteei begira, baina, ez ordea helduentzako.

Halaber, Udalaren esku dauden hedabideetan eduki guztia euskaraz dagoela eta tokiko euskarazko hedabideak laguntzen dituztela ere zehaztu dute. Txanponaren beste aldean, baina, hutsune nagusia eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plangintza faltan identifikatu dute. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide