Iaz bezala, bertsoak izango dira protagonistak Orozkon larunbat osoan. 12:00etan hasiko dira kantatzen bi bertso-saio formalekin, hori bai, poteoan. Gero, 14:30ean Supelaur Elkarteko egoitzan bazkalduko dute eta, behin amaituta, inprobisazioa gailenduko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, bazkariaren ondoren kalera aterako dira musika eta bertsoak uztartzeko modu librean, eredu formaletatik at. Izan ere, euskara, gozamena eta aisialdia nahastea da topaketaren helburuetako bat.
Orozko, Arrigorriaga, Enkarterri eta Ezkerraldeko bertso eskolek prestatu dute hitzordua eta bazkarian parte hartzeko interesa dutenek 674 08 45 67 telefono zenbakira deitu behar dute gaur bertan.
Ekimenak gonbidatu berezia izango du: Julen Arzanegi Busturialdeko bertsolaria.