Duela urtebete Laura Laumenek sekulako bidaia egin zuen Alemaniatik Orozkoraino. Bi hilabetez egon zen bidean eta bere laguna, laguntzailea eta ibilgailua Jalgi pottoka izan zen. Odisearen azken helburua zen zaldia haurdun geratzea.
Ugalketarako Ignazio Olabarriaren zaldi taldea zen gakoa, Gorbeian dagoena.
Urtebete igarota, periplo guztiaren fruitua jaio da: Ybili. Maiatzaren hasieran erditu zuen bere amak eta izena, nola ez, euskaratik dator. "Ibili, asko ibili ginen. Hortaz, aurten izen guztiak Y hizkiz hasten direnez, Ybili deitu diogu", aipatu du Laura Laumenek.
Animalia ondo dago eta Jalgiren lehen zaldikumea izan denez, urduri dago. "Ikasi behar du nolakoa den amatasuna. Lehen egunetan urduri zegoen, baina orain askoz lasaiago dago", adierazi du Laumenek.
Abenturak sona izan zuen eta Laura ezaguna bilakatu zen. Aiaraldea Komunikabideari azaldu zionez, zenbait herritan berehala identifikatu zuten.
Duela urtebete inguru egindako abere azoka bisitatu zuen Laurak eta unea jaso zuen komunikabideak:
Argazkiak. Laura Laumen