Orozkoko katu koloniak kudeatzeko programa garatzen ari da Udala. Boluntario talde batekin elkarlanean ari dira horretarako, bi xede nagusirekin: "kaleko katuen ongizatea bermatzea eta udalerriko elkarbizitza hobetzea".
Horretarako, talde horrek bi eginkizun garatuko ditu hemendik aurrera. Alde batetik, kalean bizi diren katuak elikatuko dituzte, janleku eramangarriak jarriz udalerriko toki zehatzetan. Udalak nabarmendu du lan hori "modu higienikoan eta gainbegiratuan" egingo dela beti, eta boluntario taldeko akreditazioa duten herritarren esku egongo dela, gainontzeko bizilagunek debekatua izango baitute animali horiei janaria ematea.
Horrez gain, katuak identifikatu eta esterilizatzeko kanpaina ere garatuko dute. Tranpa seguru eta baimenduak jarriko dituzte leku publiko zein pribatuetan, baimenarekin betiere. Modu horretan, kaleko katuak albaitaritza-klinika batera bideratuko dituzte, esterilizatu eta txipa jartzeko, Orozkon berriro aske utzi baino lehen.
Kasu horretan ere, taldeko kideek soilik izango dute jardun hori burutzeko eskumena. Horregatik, ekimenean parte hartzeko gonbita luzatu diete interesa duten herritar guztiei. Udalarekin (946 33 96 33) edo Ingurumen-teknikariarekin (946 33 05 44) harremanetan jarri behar da horretarako.
Katuen koloniak kudeatzeko antzeko beste talde batzuk sortu dira azken urteetan eskualdean, Amurrion edota Artziniegan.
