Euskal Herriko Unibertsitateak urrezko domina irabazi du Polonian Izaro Blanco Pikazari esker. Orozkoarra izan da bere ordezkaria Unibertsitateen arteko Kick Boxing Txapelketan eta garaipena berea izan da. Horrela, borrokalariak aurretik ezarritako xedeak bete ditu.
Gazteak hiru borroka irabazi behar izan ditu horretarako eta nabarmendu du "maila nahiko ona" egon dela txapelketan. Azpimarratu beharra dago Blancok palmares izugarria duela, eta munduko txapelduna izan dela aurretik.
Unibertsitateen arteko lehiaketa, dena den, esperientzia berria izan da orozkoarrarentzat. "Oso ezberdina izan da giroa orokorrean, oso familiarra eta lasaia, alderatuta atzerrian egin ditudan beste txapelketa batzuekin", azaldu dio Aiaraldea Komunikabdieari.
Laguntzarik ez
Blancok adierazi du txapelduna izateko bidea ez dela erraza izan, dirulaguntza ekonomikorik ez baitu jaso txapelketan parte hartzeko.
Edonola ere, orozkoarra pozik dago emaitzarekin eta etorkizunari begira argitu du: "Orain nire helburu bakarra entrenatzea eta gauza txikiak hobetzea da".