Orozkoko Udalak jarraitzen du urratsak egiten energia komunitatea sortzeko herrian. Egitasmoaren helburua ez da soilik kontsumoaren gastuak gutxitzea, baita erregai fosilen menpekotasuna eta klima aldaketan eragina murriztea ere.
Horretarako, lehenik eta behin azterlana egingo dute eta herritar interesdunen parte hartzea behar dute.
Ikerketa horrekin bat egiteko epea bihar agortuko da eta bat egiteko udaletxean NAN eta argindarraren fakturak aurkeztu behar dira. Horrez gain, eskura dagoen formularioa ere bete beharko dute.
Herri kooperatiba helburua
Aingeru Olaguenaga zinegotziak Azalera bideopodcastean azaldu zuen tokiko erakundearen asmoa dela herri kooperatiba sustatzea, herritarrek eurek izan daitezen proiektuaren jabeak eta kudeatu dezaten egunerokoa, Udalaren babesa eta laguntzarekin.
Energia komunitate gehiago
Orozkokoa ez da eskualdean agertu den proiektu bakarra. Esaterako, Aiaraldea Kooperatibak energia ekoizten du Faktoriako teilatuan instalatutako plakekin, Zuhatzan badute bat nahiko aurreratua, Urdu Ener sortu zuten Urduñan duela urteak eta Arakaldon antzeko prozesuan daude sartuta buru-belarri.