Garaipen esanguratsu batekin itxi zuen urte Izaro Blancok, zilarrezko dominarekin itzuli baitzen abenduaren hasieran Abu Dhabin jokatutako Munduko Kickboxing Wako txapelketatik, 60 kilotik azpikoen kategorian.
Kirolari orozkoarra pozik azaldu da lortutako emaitzarekin, baina aitortu du finalean izan zuen aurkariak “esperientzia eta pikardia” gehiago zuela, eta ondorioztatu du “gogorrago entrenatu” egin beharko duela aurrerantzean bere mailan egoteko.
Aiaraldeko borrokalariak eskerrak eman nahi izan dizkie txapelketan lagundu dioten pertsona eta talde guztiei, bere taldekide, entrenatzaile zein nutrizionistek eginiko lana goraipatuta. Horrez gain, bere nebari eta gurasoei ere aipamen berezia egin die.

Dena dela, Abu Dhabikoa ez da Blancok 2025ean erdietsitako lorpen bakarra. Europako Unibertsitateen arteko Kick Boxing Txapelketan gailentzea lortu zuen orozkoarrak udan Polonian, EHU ordezkatzen. Azpimarratu beharra dago orozkoarrak palmares izugarria duela, eta munduko txapelduna izan dela aurretik.