Iragan asteburuan lehiatu da Espainiako K-1 Txapelketa La Nucian, Alacanten, eta Izaro Blancok beste domina bat eskuratu du bere palmares luzera gehitzeko. Hain zuzen, urrezko garaikurra ekarri du hiru borroka irabazi eta gero.
Gaztea oso pozik geratu da bere parte hartzearekin. "Lehenengo bi borroketan oso ondo atera zen dena eta lan egindakoa islatu zen. Hirugarren norgehiagokan, finalean, urduritasuna dela medio, ez nuen hain pozik bukatu, baina lan handia egin dut", azaldu du orozkoarrak.
Andaluzia, Nafarroa eta Kanariar Uharteko ordezkariak gainditu behar izan zituen Blancok txapelduna izateko.
Tatamitik ringera
Bereziki pozik dago kirolaria lehenengo aldiz txapelketa handia lortu duelako ringean. "Diziplina honetan, tatamiarekin alderatuta, indar handiagoz jo dezakezu, baina, ondorioz, KO bat jasotzeko arriskua ere biderkatzen da", azaldu du.
Gogoratu beharra dago Blancok tatamian goia jo duela hainbat lehiaketetan. Edonola ere, ringa erronka berria da berarentzat eta bidelagunak aitortu ditu. Alde batetik, Sergio Sanchez entrenatzailea, zeinarekin Gasteizen trebatzen den lanegunetan. Bestetik Iker Blanco bere neba, Basque Fight Team-en arduraduna eta asteburuko entrenamenduen burua.
Gauzak horrela, eta emaitzak oso onak izan arren, orozkoarra irrikan dago entrenatzeko eta hobetzeko.