Izaro Blanco orozkoarrak bere palmaresa handitzen jarraitu du asteburuan, munduko txapelduna izan baita Kick Boxingeko Light Contact diziplinan eta bigarren postua eskuratu du Kick Light-en. Jesolo hirian erabaki dira dominak eta irailaren 29tik urriaren 9ra arte egon da Venezian. Gaztea batxilergoa ikasten ari da eta lehiaketak iraun bitartean, ikasketak eten behar izan ditu.
Guztira, Italia, Hungaria, Turkia, Kanada eta Eslovakiako aurkariak izan ditu txapelketetan (Italiako borrokalariekin, adibidez, birritan neurtu zituen indarrak). Emaitzei dagokienez, Blancok azaldu du oso pozik dagoela: "Helburua beti da urrea irabaztea, baina nire buruari jarri nion erronka izan zen lasaiago borrokatzea, aurreko urteetako joera aldatzeko". Zentzu horretan, orozkoarrak uste du xedea bete duela: "Borroka onak egin ditut eta ez naiz oso urduri jarri".
Egonaldiari dagokionez, orozkoarrak azaldu du ez duela turismoa egiteko tarte handirik izan: "Egun ia guztiak igaro ditut kiroldegian. Izan ere, Espainiako Selekzioak hautatu ninduen eta taldekideekin egon beharra dago. Borrokak ikusi ditut, nire arerio gehienak ezagutzen baititut. Adibidez, Turkiako kirolariarekin lehiatu nintzen duela hilabete batzuk".
Blancok ez du ahaztu berak lortutako dominak lan kolektiboaren emaitza izan direla: "Nik ez nuke lortuko nire entrenatzaileen laguntzarik gabe eta, bereziki, nire nebak ematen didan babesa gabe".