Ikusmira estetiko handiko kokalekua da Artiñano Etxea eta hainbat ikus-entzunezko piezaren eszenatoki bilakatu da horrexegatik. Tartean, bertan grabatzen dute Gaztea Kabian. Saioan, Euskal Herriko eta kanpoko bi artista edo talde elkartzen dira eta egun batez kanta bat sortu eta grabatzen dute.
Bigarren denboraldia irailean estreinatu zen, eta lehen atalean Hofek eta Jimena Amarillok Panpin bat bezala kanta ekoitzi zuten. Geroztik, beste hiru sormen pieza eman ditu Kabianek.
Marte Lasarte pop elektroniko taldea Sila Lua bakarlari galiziarrarekin batera Errepide kanta sortu eta otsailean kaleratu zuten. Hemen ikus daiteke sormen prozesu osoa.
Ondoren, Eire bikote zumaiarra eta Kataluniako Maig abeslaria elkartu ziren eta egonaldiak emandakoarekin Ez dakizunean abestia idatzi eta interpretatu zuten.
Artiñano Etxetik igarotzen azkenak Bele eta Sofia Gabanna izan dira. Argentinatik dator azken artista hori eta Nathy Peluso abeslari ezagunaren ahizpa da. Banoa da elkarrekin sortu duten kantaren izenburua.