Orozkoko Artiach enpresan lan hitzarmen kolektibo berria sinatu dute eta sindikatu nagusienak (ELAk, LABek eta UGTk) balorazio oso positiboa egin dute (ESK eta Independentea ere daude lantegian). Izan ere, langile erakundeen iritziz, emaitza bikainak utzi ditu dokumentu berriak.
Soldatari dagokionez, KPItik gorako 0,8ko igoerak egongo dira 2025 eta 2026. urteetarako, eta KPIaren baliokideak 2027 eta 2028. urteetarako. Horrela, aurreko hitzarmenean galdutako erosahalmenaren zati bat berreskuratuko dute.
Lanaldiariaren esparruan, urteko lau laneguneko murrizketa progresiboa adostu dute: bi egun 2026an, egun bat 2027an eta beste bat 2028an.
Enplegua mantentzea eta inbertsioak
140 langile inguru dituen fabrikan enplegua mantenduko dela ere sinatu dute, aurreko urteetan egon den enplegu galera eteteko. Fabrikako produkzio-prozesuetan inbertsioak egiteko konpromisoa ere adostu dute. Zehazki, datozen bi urteetan 2 milioi euroko inbertsioa egingo dute ekoizpen-prozesuak hobetzeko.
Aldi baterako kontrata daitekeen langileen ehunekoa % 10etik % 5era jaitsi dute. Halaber, aldi baterako lan-enpresen (ABLE) bidezko kontratazioa erdira murriztuko dute.
Lanpostuak egonkortu, behin behineko kontratuak murriztuz
Enpleguaren kalitateari ere erreparatu diote hitzarmenean. Aldi baterako kontrata daitekeen langileen ehunekoa % 10etik % 5era jaitsi dute. Halaber, aldi baterako lan-enpresen (ABLE) bidezko kontratazioa erdira murriztuko dute.
Kontziliaziorako neurri berritzaileak
Sindikatuek azpimarratu dute kontziliaziorako bide berria ireki dutela "binkulograma sozio-afektiboaren" kontzeptua sartzean. Horri esker, langileek beren ingurune hurbileko pertsona bat izenda dezakete, nahiz eta familiakoa ez izan, ordaindutako lizentziak lortzeko.
Bestelako hobekuntza sozialak ere txertatu dituzte, hala nola joan-etorriak konpentsatzeko garraio-plusaren sorrera eta lizentzia zein baimen ordaindu gehiago.
LABek ere balioan jarri nahi izan du lan zentroan euskara normalizatzeko neurriak hartuko dituztela.
Batasuna, baita gatazkaren itzala ere
Langile erakundeek nabarmendu dute negoziazio prozesu osoan beharginen batasuna eta parte hartzea izugarri garrantzitsua izan dela, baina LABek goraipatu du mobilizazioak hasteko asmoak ere presio tresna eraginkorra izan direla. Izan ere, gogoratu beharra dago 2021ean 152 eguneko greba mugagabea egin zutela Orozkon.
Horrela adierazi du sindikatuak: "Negoziazioa hasi zenetik urtebete igaro ondoren, blokeo kezkagarria zegoen funtsezko gaietan, hala nola soldatan edo jardunaldian. Egoera horren aurrean, LABeko sail sindikalak mobilizazioaren bideari ekitea erabaki zuen, negoziazioa desblokeatzeko. Mobilizazioen iragarpen hutsak zuzendaritzak negoziazioa desblokeatzea ekarri zuen, eta horrek agerian uzten du akordio hau lortzeko Artiacheko langileek duten borroka ibilbideak izan duen garrantzia".