Bronxekoek jaia antolatuko dute larunbatean, iaz Orozkoko Kale Arteko Herri Kirol Txapelketa irabazi baitzuten

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 21a

Iazko txapelketako jai giroa, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Bronx taldeak iazko edizioa irabazi zuenez, aurten jaia antolatu behar du kale guztientzat larunbatean. Bazkariarekin hasi eta gauera arte luzatuko da ospakizuna.

Bi urtean behin antolatzen dute Orozkoko Kaleen Arteko Herri Kirol Txapelketa. Bronx, Zubieta, Andra Mari Plaza eta Burruskaleko auzokideek neurtzen dituzte indarrak trebezia lehiaketa horretan eta iaz Bronxekoak izan ziren garaileak.

Ondorioz, aurten euren ardura izan da jaia prestatzea guztientzat eta larunbatean kitatuko dute zorra. 14:30ean bazkaria izango da Iza jatetxean eta jarraian Eneko tabernan batuko dira tragoak hartzeko.

18:30ean txupinazoa jaurti eta 1991n (herri kirol txapelketa abiatu zuten urtean) sortutako plaka jarriko dute berriro herrigunean, Gorbeia kalean. 

19:30ean zozketaren unea helduko da eta ordu erdi beranduago The Ganorabakos taldearen kontzertua. Parranda 00:00ak arte luzatuko dute eta amaierako trakarekin bukatuko da jarduera.

Bronx eta Manhattan

Argiñe Rodriguez eta Irati Larrory Bronx taldeko kideek oroitu dutenez, Orozkoko Kaleen Arteko Herri Kirol Txapelketa 1991n hasi zen: "Kaleetako kuadrillen arteko erronka izan zen, ea nor zen indartsuena".

Lehenengo edizio horretan, txantxa moduan, Gorbeia kaletik Zeberiorainoko auzokideek Bronx izena hartu zuten: "Makarrillak ginelako".

Aldiz, ibaiaren bestaldean zeudenak Manhattan izendatu zituzten. Dena den, denboraren poderioz, Bronx soilik mantendu da: "Ibaiaren beste aldekoak kaleka banatu dira eta kalearen izena hartu dute".

25. urteurrenean berpizkundea

Larroryk eta Rodriguezek ez dakite zehazki noiz arte egin zen herrian erronka, baina 2016an galduta zegoen ohitura. Ondorioz, erabaki zuten berriro ekitea eta 25. urteurrena baliatu zuten berriro antolatzeko.

Geroztik, arazorik ez badago (pandemia, kasu), bi urtean behin egiten dute txapelketa eta hurrengoan ospakizuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide