Euskaltel-Euskadiren maillota jantziko du Gotzon Martinek beste bi urtez

Maider Ramirez Martin 2026ko abuztuaren 4a

Gotzon Martin aurtengo Getxoko Zirkuituan. / Euskadi Fundazioa

Kontratua berritu du orozkoarrak beste bi denboraldiz, eta Euskadi Fundazioarekin hamarkada bat baino gehiago egingo du horrela. 2018tik da Martin txirrindulari profesionala eta talde laranjarekin egin du bere ibilbide guztia.

Gotzon Martinek Euskaltel-Euskadirekin kontratua luzatuko du, beste bi urtez behintzat. Horrela jakinarazi du Euskadi Fundazioak, eta azaldu du hamarkada bat baino gehiago beteko duela horrela txirrindulariak egituran.

Izan ere, talde laranjari lotuta dago orozkoarraren ibilbide osoa: Amateur mailako lehen urtean estreinatu zen 2015ean, 2018an profesionaletara jauzi egin eta 2020tik aurreta eliteko ProTteam mailan. Hori dela eta, "familia eta etxea" da taldea Martinentzat, eta poztasuna adierazi du bertan jarraitzeagatik: "Bizitza osoan hazi naizen proiektua da; amateur mailako lehen urtetik daramat hemen, eta nire ibilbide profesional osoa hementxe eman dut. Niretzat hau da nire familia, nire etxea: eroso nago, dena ikasi dudan lekua eta prestatu nauten lekua. Beraz, oso pozik nago beste bi urtez jarraituko dudalako".

Mikel Landa taldera batu izana ere goraipatu du txirrindulari orozkoarrak eta bai berarekin eta baita Hodei Muñoz luiaondoar gaztearekin batera lehiatzeko gogotsu dagoela adierazi du: "Egunero entrenatzen naiz berarekin (Mikel Landarekin), eta, taldekide bat ez ezik, lagun bat ere bada; beraz, taldean edukitzea benetako onura da. Aparteko bultzada da bere ondoan lehiatu ahal izatea, baita etxetik oso gertu dudan Hodeirekin ere. Gogotsu lehiatuko naiz, beraz, hurrengo bi denboralditan, nire kirol maila eta eskarmentua partekatzeko".

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduraduna ere pozik eta Martinen berritzeagatik, eta azaldu du harrobiko gazte bat "taldearen kirol erreferentzia nagusietako bat bihurtzen ikusteak harrotasunez betetzen" dituela eta "proiektuaren indarra" erakusten duela. Izan ere, aurten orozkoarra izan da taldeari UCI puntu gehien eman dizkion bigarren txirrindularia. 

Lasterketei dagokienez, Arctic Race (abuztuaren 13tik 16ra) eta Bretagne Classic (abuztuaren 30ean) dira Martinek egutegian markatuta dituen hurrengo hitzorduak, Italiako klasikoen biraren aurretik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide