Jon Inarrituk gaur jakinarazi du ez duela azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan parte hartuko EH Bilduko diputatu izateko. Berez, 15 urtez ordezkatu du koalizioa Senatuan zein Kongresuan eta ate joka dauden bozketetan ez du parte hartuko hautagai gisa.
Orozkon bizi den herritarrak adierazi du ohorea eta pribilejioa izan dela euskal herritarrak ordezkatzea, baina badela garaia oinarrizko militantziara itzultzeko. Ez du baztertzen horrelako ardurak berriro hartzea, baina hori denborak esango duela dio.
Inarrituk esker hitzak izan ditu EH Bildurentzat, berarengan jarritako konfiantzagatik eta, nola ez, bozkatzaileei. Gogora ekarri ditu egin dituen lagunak ere agur testuan.
Villarejori galdeketa
Hamabost urte horietan hitzartze ugari egin ditu Jon Inarrituk Madrilgo ordezkaritza organoetan eta agian ezagunetako bat izan zen Jose Manuel Villarejo komisario ohiari egindako galdeketa Kongresuan, Kitchen ustelkeria tramari lotutako ikerketa batzordean.
Oihartzuna izan duten bestelako pasarteen protagonista ere izan da eta, esaterako, Bermudez epaileak iraindu zuen publikoki (sare sozialen bitartez) nazioarteko begiraleak eskatu zituenean Procesaren epaiketan.
Euskal Herriko zenbait girotan diputatua ezaguna izan da Israelekin izan duen harremanagatik. Izan ere, abokatuak hainbat hizkuntza menperatzen ditu eta horien artean hebrearra dago eta ez da ezohikoa Sefarad-Israel zentroan agertu izana.
Edonola ere, Euskal Herriko zenbait girotan diputatua ezaguna izan da Israelekin izan duen harremanagatik. Izan ere, abokatuak hainbat hizkuntza menperatzen ditu eta horien artean hebrearra dago eta ez da ezohikoa Sefarad-Israel zentroan hitza hartzea, Madrilen (iragan apirilean azken aldiz). Horrek kritika ugari piztu ditu bere aurka, are gehiago Gazako genozidioa hasi zenetik hona.
Dena den, polemika ez da berria. 2015ean jende talde batek EH Bilduri boza ez ematea aldarrikatu zuen, Jon Inarrituk manifestua sinatu ostean BDZ kanpainaren kontra. Egitasmo horren helburua da Israeli boikota egitea herri palestinarraren kontrako egikaritzen dituen politikengatik eta, besteak beste, desinbertsioak sustatzen ditu.
Hala ere, nazioarteko esparruan lan ugari egin ditu Inarrituk eta, adibidez, Aiaraldean bertan elkarrizketa egin zuen Nagorno-Karabakhen gertatutako genozidioa salatzeko eta Turkiak kanporatu zuen lurralde kurduetan begirale lanak egitera bertaratu zenean hauteskundeetan.
Aralar alderditik EH Bildura
Berez, Jon Inarrituk Aralar alderdi politikoan abiatu zuen bere ibilbide politiko publikoa. Ezker Abertzalearen zatiketa horrek bat egin zuen EH Bildun eta 2011tik aurrera koalizioa ordezkatu du Madrilen.