Bere lehen garaipen profesionala lortu du Gotzon Martinek Panamako Chiriqui probintziako lasterketa klasikoan. Orozkoarrak helmugatik bi kilometrora abiatu zuen erasoaldia, bere taldekideen babesean. Hain zuzen, lehen sei postuak bereganatu zituzten Euskal Herriko taldeko kideek, eta Hodei Muñoz tartean. Luiaondoarra hirugarren sartu zen metara, Xabier Isasaren atzetik.
Atzokoarekin, sailkapen orokorrean ere buru jarri da Martin, eta postu hori defendatzea egokituko zaio gaur, igandea, bigarren eta azken etapan. Taldeak Panaman lortzen duen bigarren garaipena izan zen atzokoa, ostiralean Gran Prix Chiriqui txapelketan gailendu baitzen Xabier Berasategi.
Orozkoarrak erdietsitakoarekin, zortzi garaipen lortu ditu orotara Euskal-Euskadi taldeak aurten. Modu horretan, munduko 30 talde onenen artean kokatzea lortu du, 28. postuan. Bertan mantenduz gero, Gotzon Martin eta Hodei Muñozen taldeak aukera izango luke datorren urtean Tourrean, Giroan eta Vueltan parte hartzeko. Aiaraldeko txirrindularien ekarpena berebizikoa izaten ari da bide horretan.