Larunbat honetan, azaroaren 21ean, VII. Orozko Kriteriuma jokatuko da Orozkoko kaleetan 11:30etik aurrera. Hiru proba izango dira, galtzada-harrizko tarte bat izango duen zirkuituan. Proba guztien helmuga Zubiaur plazan egongo da.
Hainbat belaunalditako txirrindulariak eta urte osoan haiei jarraitzen dieten zaleak elkartzeko sortu zen Kriteriuma. Euskal txirrindularitzarekiko zaletasuna belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzea du helburu eta, horretarako, iraganeko zein egungo txirrindulariak bilduko ditu beste behin ere.
Goizeko egitarauari emakumezkoen probak emango dio hasiera. Bertan, 23 urtez azpiko, elite mailako eta profesional ohi diren txirrindulariak ariko dira lehian. Besteak beste, Munduko Txapelketan parte hartu duten Usoa Ostolaza, Ayala Serrano eta Maite Urteaga izango dira irteeran, Arantzazu Azpiroz, Iosune Murillo eta Joane Somarribarekin batera.
Bigarren hitzorduan profesional ohiak izango dira protagonista, Euskal txirrindularitzaren izen ezagunetako batzuk bilduko dira Orozkoko zirkuituan: Igor Anton, Joseba Beloki, Iban Mayo, Amets Txurruka, Pedro Horrillo, Mikel Nieve eta Patxi Vila, besteak beste.
Helburua da belaunaldi ezberdinetako zaleak eta txirrindulariak elkartzea.
Goizeko azken proban, egungo profesionalen txanda izango da. Pello Bilbao, Ion Izagirre eta Mikel Bizkarra izango dira parte-hartzaileen artean, eta hirurak omenduko dituzte egindako ibilbideagatik. Haiekin batera ariko dira Gotzon Martin, Panamako Clasica Provincia de Chiriqui lasterketa irabazi berria; Ibon Ruiz, 2027an Bahrain Victorious taldean ariko dena; eta Ander Okamika.
Horrez gain, Fernando Barcelo eta Julen Arriolabengoa (Caja Rural-Seguros RGA), eta Carlos Garcia Pierna eta Sinuhe Fernandez (Burgos-Burpellet BH) ere izango dira irteeran. Gazteen artean, berriz, Ibai Villate eta Markel Aranaz (Movistar Team Academy), Eñaut Urkaregi (Lidl-Trek Future Racing) eta Marcos Freire (UAE Team Emirates Gen Z) nabarmentzen dira.
Horrela, txirrindularitzaren iraganak, orainak eta etorkizunak bat egingo dute larunbatean Orozkon. Kirol ikuskizunaz gain, Kriteriumak euskal txirrindularitzaren zaletasuna sustatzeko eta belaunaldi ezberdinetako zaleak eta txirrindulariak elkartzeko aukera eskainiko du.