Ez da Amurrion eta Urduñan jotzen duzuen lehenengo aldia. Noiz eta nola hasi zineten hemendik kontzertuak eskaintzen?
Euskal Herriko txoko honekin dugun harremana gure lagun Gorkaren bidez hasi zen, Urduñakoa dena eta Sevillan bizi dena. Beraren bidez kontaktatu genuen Urduñako Gaztetxearekin eta hilabete gutxiren buruan hasi zen eskualde honekin dugun maitasun harremana.
“Hiru kide berrirekin gatoz aurten: gitarra, saxoa eta bateria. Gure diskografia osoaren errepaso zabala egingo dugu”
Aiaraldea gure etxea bezalakoa da, uda igarotzeko eta gozatzeko herri bat da guretzat, baina jotzeko aukera dugu gainera, esperientziak elkarbanatuaz eta jende asko ezagutuaz, gurekin kontzertuetan gozatzen duena eta taulan gainean gozarazten diguna.
Zer berrikuntza dakarzue aurtengo biran?
Hiru kide berrirekin gatoz aurten: gitarra, saxoa eta bateria. Gure diskografia osoaren errepaso zabala egingo dugu “Skabaret Party & Variety Show” eder bat atontzeko, eta askoz gehiago...
Oraindik taula gainean ikusi ez zaituztenarentzat... zer ikusi ahal izango da gaur Urduñan eskainiko duzuen kontzertuan?
Bi ordutako saioa izango da, hainbat musika estilo jorratuko dituela: ska, cumbia, metal, funk, calypso, lotsa gutxi, gozamena, dibertsioa eta parranda!
“Sevillatik hona Otxomaioetan soilik jotzera ere animatu gara, ez genuen aukera hori galdu nahi”
Udan etortzen zarete normalean hona. Zer egiten duzue urtean zehar?
Urteko gainontzeko hilabeteak gure lurretik hurbilago igaro ohi ditugu, musika gure lanekin uztartuta. Hala ere, Sevillatik hona Otxomaioetan soilik jotzera ere animatu gara, ez genuen aukera hori galdu nahi.
Uda igarota disko berri bat grabatzeari ekingo diogu, 2018an argitaratzeko asmoarekin. Kontzertu gehiago egingo ditugu, noski, adikzioa sortzen baitigu taula gainean egoteak!
Gogorra da horren bira intentsuak egitea?
Gure musika txoko guztietara eramateko aukera ematen digute horrelako birek, gure lanekin uztartuta. Esperientziak elkarbanatu, elkar ezagutu, elkar zaindu eta pertsona gisa hazteko aukera ematen digute. Baina badakartzate baita nekea, lepoko mina -bidaiatzerakoan lo egiteko dugun moduagatik-, bokatez osatutako otorduak... hori da autogestioak dakarrena!