Urduñan emango zaio amaiera Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren kanpainari. Hirira bertaratuko dira eskualdeko ahobizi eta belarriprestak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Foru Plaza izango da ospakizunaren epizentroa. Bertara gerturatzeko zutabeak egingo dituzte goizeko hamaiketan. Herri bakoitza puntu ezberdin batetik abiatuko da. Aiara, Artziniega eta Okondoko bizilagunak Gernika Plazatik joango dira Foru Plazaraino. Urduña, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko herritarrak, aldiz, Anbulategi alboan batuko dira. Amurrioarrak Gesaltzako parkina izango dute abiapuntu, eta tren-geltokia, aldiz, Laudiotik doazenek.
Egun-erdiko egitaraua
Zutabe guztiak Foru Plazara iristen direnean emango zaio hasiera egitarauari. 12:00etan izango da ekitaldi nagusia. Buruhandiak eta haurrentzako jolasak egongo dira gero, Hilean Bariku Bat talde orozkoarrak kontzertua eskaini bitartean. 13:30ean irekiko da “bazkari-buffeta”. Indabak, paella eta txerrikia eskainiko dira (bost euro plater bakoitzeko). 16:00etan egingo da agur ekitaldia.
Kale animazioa, batukada, puzgarriak, zozketak... beste hainbat ekintza egongo dira baita ere egunean zehar.