Hamar txakurkume abandonatu zituzten asteburuan Urduñako Arbieto auzoko zaborrontzi batean. Auzokide batzuek aurkitu zituzten, baina horietako bi hil egin dira elikadura falta eta pairatutako baldintzak medio. Gainontzeko zortziak hiriko bi etxeetan hartu dituzte eta apurka-apurka osasuna berreskuratzen ari dira.
Kumeak adoptatu nahi izan dezakeen jendearen bila ari dira orain auzokideak. Interesdunak Indar Araba elkartearekin jarri behar dira harremanetan 610 27 64 74 telefonoaren bitartez, indararaba@gmail.com helbidean edo gunean bertan, Eskartegi, 5 (Altube). Animaliak txertoekin, irantzita eta txiparekin entregatuko dira.