Sarri entzuten ditugu kaleetatik pertsona migratuen inguruko zurrumurru asko, nahiz eta gehienetan gure bizilagunez ari garen. “Etorkin” kontzeptua nahiko nuke mahaigaineratu, eta ariketa pertsonal batera eraman: Zer datorkigu burura “etorkin” kontzeptuan pentsatzen dugunean? Perfil oso espezifiko bat agertuko zaigu askotan, guk geure buruari ukatzen dioguna: arrazakeria.
Nik ere perspektiba zuritik idazten dut, hau da, erabili ez ezik, disfrutatzen ditudan pribilegio estrukturalez baliatzen naiz bizi naizen bezala bizi ahal izateko. Hausnarketa hau publikatzea pribilegio horietako bat izan daiteke: ikusgarritasunarena.
Jendartearen egituraketa estrukturala gorputzen ezaugarri espezifiko batzuen araberako zapalkuntzan oinarritzen da: generoa, arraza, klasea, identitate sexuala, aniztasun funtzionala, etab. Ez dugu autobus heterofobo bat ikusiko, gizona ez da jantzi duenagatik bortxatua izango, diruduna ez da ikasteko aukerarik gabe geratuko eta zuria ez dute denda batean jarraituko lapurra delakoan. Pribilegioa ez da existitzen pribilegio gabekorik ez badago, eta gure ezaugarriek gorpuzten dute indarkeria estrukturala. Zuria izateak klase pribilegiatuan jartzen gaitu jendartean; eta, koloreagatik, egunerokoak erronka latzago bihurtzen dira sustraietatik urrun daudenentzat; askorentzat, erronka ez ezik, ezinezko.
Gaur egungo Aiaraldeko errealitatera etorrita, Zornotzako eta Urduñako “bakarrik dauden adingabe atzerritarren” (BDAA) harrera baliabideetan emandako gorabeherek alarma piztu dute gure artean ere.
Hurbiletik bizi ahal izan dudan errealitatea da hau, eta herrian eman diren egoerek nahastuta utzi didate gorputza azkenaldian.
Bizkaiko diru laguntzak beste autonomia erkidegoetakoak baino altuagoak dira, eta hau da nerabe askorentzat hona etortzearen arrazoia. Hala, bat-batean hainbeste nerabe harreratzeko beharraren erantzun gisa, diru laguntza horiek murriztearen kontrakoa eskatzen du egoerak. Asko dira hona bizimodu ezberdin baten bila etorri nahi izan duten gazteak, eta, oraingoz, gurean ez dago hainbeste neraberi espazio seguruan bizitzeko eskubidea eskaintzeko baliabiderik. Bizi baldintza duina ziurtatzeko etxe gehiago behar dira, hezitzaile gehiago, kalitatezko esku hartzea eta zaintza erdigunean jartzen duen politika.
Beste galdera bat daukat jendarteratzeko: hainbeste aldatuko litzateke egoera, amazigh-arrak, marokoarrak, ginearrak, algeriarrak ez ezik, gure eskualdeko 60 mutil nerabe izango balira 30 pertsonarentzako lekua duen herritik kanpoko etxe batean bizi direnak, egoera emozional oso zailean eta sentipenen sostengua lanez gainezka dauden hezitzaileen esku?
Indarkeriak indarkeria dakar; ezinegonak ezinegona dakar. “Bakarrik dauden adingabe atzerritarren” kolektiboaren barruan ez dago emakumerik, eta, gure herrietan ere gertatzen den bezala, genero pribilegioek indarkeriaren kultura sostengatzen dute. Indarkeria ez dago gure kaleetatik kanpo, eta erasoen aurrean autodefentsa feministarako deia egiten dut, dudarik gabe; baina, Brigitte Vasallok dioen bezala, indarkeriaren eta erasoen atentzioa kolorean, jatorrian, klasean edo erlijioan jartzeak ez du errealitate gordina besterik ikusarazten: biolentzia eta emakumeenganako indarkeria sistemikoak direla, eta sistema dela aldatu behar dena. Osorik. Baina honek ez digu graziarik egiten, gure pribilegioetan eroso ere bagaudelako.